NOV. 29 2023 ARANTZAZU IREKITA «Arantzazu», barrura eta bertatik hedatutakoari begiratzeko leiho bat Arantzazulab fundazioak sustatuta eta Pello Sarasuak zuzenduta, «Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat» dokumentala aurkeztu zuten atzo. Bi begirada eskaintzen ditu filmak; bata, barrura begirakoa, Arantzazuko fraideen bizi-aukera hori ulertzeko, eta bestea, kanpora, Euskal Herriari egindako ekarpena azaltzeko, erlijioarekin ez ezik, herrigintzarekin ere duten lotura nabarmen. Joxe Mari Arregi, Naiara Goia eta Pello Sarasua, dokumentalaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU) Xabier IZAGA DONOSTIA Arantzazu. Paraje ederra. Oñatiko auzoa, Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoa. Santutegia, basilika, frantziskotarren monasterioa. Erreferentzia. Espiritualtasunarekin batean, euskal artearen, hizkuntzaren eta kulturaren gordetzaile eta, aldi berean, berritzaile. Irudi bat agertu zen inguru hartan duela bost mende pasa, 36 zentimetro luzeko Ama Birjina; luze gabe, harako erromesaldiak hasi ziren, kaperatxo bat egin zuten, eta bost mende pasa geroago, euskal jendartearen erreferentzia bat da. Baina ez erlijiosoa bakarrik, haren jagole frantziskotarren komunitatea, «Anaidia», gizartea ere bai baita, Euskal Herria, mundua. Eurek esana. Horregatik, 36, 5 eta bat. Hain zuzen ere, “Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat” dokumentalak jorratzen du fraide horiek nola ulertzen duten frantziskotartasuna, hori da gai nagusietako bat. Eta erlijioarekin, kristautasunarekin ez ezik, herrigintzarekin ere lotuta ulertzen dutela nabarmentzen du, Arantzazuko «ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa» eginez. HAINBAT LEKUKOTZA Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioak sustatuta, Pello Sarasuak zuzendu du, Arteman Komunikazio Agentziak egin ditu ekoizpen lanak eta EITB eta Berria komunikazio taldeen babesa du. Atzo arratsaldean egin zuten estreinaldi instituzionala Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Goizean, berriz, Donostiako Tabakaleran, dokumentalaren nondik norakoak azaldu zituzten Arantzazulab-eko zuzendari nagusi Naiara Goiak, Arantzazuko frantziskotarren ministro probintzial Joxe Mari Arregik eta dokumentalaren zuzendariak. Filmak hainbat lekukotzaren bidez ematen du joan den mendeko 50eko hamarralditik hona Arantzazutik egindako ekarpenaren berri, parte hartu duten guztiak elkarrizketatuta: zazpi frantziskotar (Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Anjel Txabarri, Manolo Pagola eta Paulo Agirrebaltzategi) eta Arantzazurekin modu bateko edo besteko harremana izan duten zenbait lagun (Joseba Intxausti, 1936-2023, dokumentala edizio fasean zela zendua; Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne Guridi). Fraide frantziskotarrek, beren motibazio erlijioso kristautik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, eta herriarekin duten lotura hori, hainbat alorretan egindako ekarpena, beren espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera eman nahi du dokumentalak. Zuzendariaren hitzetan, «zer arraio egiten duten fraile batzuek artzaintza kontuetan, edo euskalgintzan sartuta, Euskaltzaindiko batzorde batean...». BARRURA ETA KANPORA BEGIRA Bi urteko lana izan da, eta grabatutako testigantzak, guztira 25 ordutik gorakoak. «Frantziskotarrek harreman oso estua izan dute herriarekin eta ekarpenak egin dituzte arlo espiritualean, kulturalean eta sozialean. Hori ulertzea zaila izan daiteke fraile batzuez izan dezakegun ikuspegi estereotipatu batetik»; hori dela eta, nolabaiteko hiru atal ditu filmak: lehena, barrura begirakoa, zergatik diren frantziskotar, beraien bizi-aukera hori ulertzeko; bigarren atalak, berriz, kanpora begira, Euskal Herriari egindako ekarpena azaltzen du, herrian eta herriarekin egin duten lana ulertzeko, «eta bigarrena ulertzeko lehenengoa beharrezkoa da». Hirugarren atala, komunitatearen gaur egungo egoera eta etorkizunaren inguruko ikuspegia da. Sarasuak esan zuenez, atzo dokumentala aurkeztu zuten, baina benetako ondarea hura egiteko filmatu dituzten 25 ordu horiek dira. Bere lanean topatu duen zailtasunetako bat, hain zuzen, 25 ordu horiek 70 minutura murriztea izan da, zer jarri eta zer kendu erabakitzea. Beste zailtasun edo zalantza bat izan du dokumentala norentzat egin behar zuen argitzea, Arantzazu ezagutzen duenarentzat edo ezagutzen ez duenarentzat. «Guztientzat», ebatzi zuen. Lehenengoak beharbada ez duela dokumentalik behar esan zuen, baina badu zantzuren bat hori ere gustura geratuko dela pentsatzeko, eta Arantzazu ezagutzen ez duenarentzat dena berria dela, nahiz eta, agian, testuingurua falta zaion eta zenbait gauza kontsultatu beharko duen. Helburu bat zuen Sarasuak, kezka ere bazena: frantziskotarrak behintzat gustura geratzea. Eta hala dirudi, Joxe Mari Arregiri entzunda: «Emaitza gustatu egin zaigu. Hasieran pentsatu genuen: kontatu beharrekoa ez da luze joango, ordu erdirekin nahikoa izango da. Baina elkarrizketak solasaldi luze bilakatu ziren, hiru ordukoak edo». Lan prozesua ikusita, frantziskotarrak konturatu ziren bazegoela «zerbait» dokumental bidez argitaratzeko. «Jende askorentzat Arantzazu erreferentzia izan da eta da oraindik ere. Baina beste askok ez dute asko ezagutuko Arantzazu eta berarekin lotura duten hainbat ekarpen. Dokumentalak horretarako balio badu, ondo», esan zuen Arregik. «Esan gabe edo ezkutuan zeuden gauza asko argitaratu dira, eta horiek esan gabe geratzeko arriskua zegoen. «Hor egon gara eta hor gaude oraindik ere». Haren ustez, dokumental hau da «Arantzazu barrutik esatea eta adieraztea». ARANTZAZU IREKITA Ikus-entzunezko lan hau Arantzazulab fundazioak Arantzazuko ondarea ezagutzera emateko abiatu duen etapa berriaren parte da. Harekin batera, beste zenbait ekimen «eguneratu zein egungo beharretara egokitu dira»; esate baterako, Arantzazuko Egutegiaren edukiak gaurkotu dituzte, genero ikuspegia txertatuta, eta egutegiaren digitalizatze prozesua ere abiatu dute, bere edukiak ikerketa gai izateko moduan. Bestalde, frantziskotarrekin batera Euskozenoa egitasmoan parte hartu dute euskal gazte erreferenteekin etorkizuneko euskal nortasunari buruzko hausnarketa partekatuan. Naiara Goiak esan zuenez, garaian garaiko erronketan eragile izateko gaitasuna izan du Arantzazuk. Irautea ez du nahikoa izan. Beti pauso bat aurrera joateko gaitasuna izan du. Eta orain? Ireki egin da». Hain zuzen ere, leiho bat da dokumentala, eta harekin pozik daudela esan zuen Arantzazulab-eko zuzendariak. «Nor da Arantzazu?» galdera egin zuen. «‘Gu’, erantzuten dute frantziskotarrek. [...] Euskal jendarteak ere ‘gu’ erantzuten du, lotura berezia baitu Arantzazurekin. Euskaldun nortasunak zipristitzen ditu Arantzazuko bazter guztiak, horregatik euskaldunok ere ‘gu’ erantzuten dugu. Hizkuntza itun berriak bertan egin zirela badakigu». Izan ere, euskara batuak Baionako Euskal Idazkaritzan sehaska izan eta, hain justu, Arantzazun izan zuen bataioa 1968an. «Literatura jasoa eta herri jakintza eskutik helduta dabiltza bertan. Artea eta natura besarkada batean urtzen dira Arantzazun, modernitatea eta tradizioa, abangoardia eta iragana lotzen dituen denbora lerroa alderik alde zeharkatzen du. Gure kulturak zentzurik zabalenean, bertan baitu habia». DURANGON«Filmaren aurrestreinaldia Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdian egin zen; atzo, estreinaldi instituzionala izan zen; abenduaren 6an, Durangon egongo da, eta urtarriletik aurrera, zine aretoetan BITXIA, BAINA...«Komunitatean bizitzea, familiari eta proiektu pertsonalari uko egitea, gauza bitxia da, baina hautu hori egin duen pertsonarik gabe ez da ulertzen ez Euskal Herria, ez Europa» (Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta pentsalaria) HERRIA«Askotan esaten dugu Arantzazu ez litzatekeela gaur dena izango herririk gabe eta, atrebentzia bada ere, herria ere bestelakoa litzateke Arantzazu gabe». Arantzazuk gure herri honi asko zor dio eta, nire ustez, Arantzazuk herriari egiten dion ekarpena zabala izan da, handia» (Joxe Mari Arregi)