DEC. 02 2023 «Araguaney lorea», Meliton Manzanasen «izugarrikerien etxean» barneratzea 1961ean hil zen Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelarra, Brigada Politiko-sozialaren eskuetan sei egun eman ostean. «Araguaney lorea» (Ataramiñe) nobelako protagonista da. Mitxel Sarasketa, Jokin Urain eta Arantza Eziolaza, Bilboko Bira kulturgunean. (Oskar MATXIN | FOKU) AMAIA EREÑAGA BILBO Durangoko Azokara, urtero legez, nobela bat eta egutegi bat eramango ditu Ataramiñe argitaletxeak. Argitaletxe berezia da, euskal preso eta errepresaliatuen lanak kaleratzeaz gain, kartzeletan literatura sustatzea duelako xede. 2002tik, 48 liburu argitaratu ditu. Azkena, bereziki gordina dela aitortu zuen atzo Jokin Uriain idazleak Bilboko Biran egin zen aurkezpenean. Uriainek editore lanak egin ditu Martin de Aranezioren (goitizena da) “Araguaney lorea” libururako: «Lazgarria da. Autoreak gogorra egin zitzaiola idaztea esaten zuen, eta liburuaren edizioa egitea ere gordina izan da. Benetan gordina eta benetan beharrezkoa gaur egun. Ez da aurten torturaren inguruan aterako den liburu bakarra [Xabier Mendigurenen ‘Oso latza izan da’ (Elkar)] eta nik uste dut badela garaia torturak benetan izan duen pisua eta Estatu baten eskuan izan duen krudelkeria hori agerian ipintzeko. Horri haizea emateko garaia da». Arantza Eziolaza Galanek liburuari egindako azalean malkoz eta sufrimenduz betetako emakumezko baten begiak agertzen dira. Eskuetan, Venezuelako zuhaitz nazionalaren loreak; araguaney loreak, alegia. Azalean agertzen dena Maria Mercedes Antxeta da, Martin de Aranezio izenez sinatzen duen egilearen eleberriko protagonista. Martin de Aranezio ez da egilearen benetako izena eta «ez da kasualitatea ere Ataramiñek argitaratutako azken bi liburuak goitizenarekin sinatuta joatea», Mitxel Sarasketak, Ataramiñeko partaideak, aipatu zuenez. AZTARNARIK EZ, AITORPENIK EZ “Araguaney lorea” nobelak torturaren gai gordina jartzen du mahai gainean, orain gutxira arte estalita, ahaztuta, aitorpenik gabe egon den gertaera bat azaleratuz. Benetako istorioa fikzionatu egiten du egileak, irakurlea protagonistaren azalean jar dadin. «Hau ez da autore honi idaztea gustatuko zitzaiokeen liburua», aitortzen du hitzaurrean. «Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da», gehitzen du. Ez dago informaziorik ez Venezuela ez Estatu espainiarreko artxibo ofizialetan. Maria Mercedes Antxetak pairatutako torturak eta bere bizitzako azken gertaerak kontatzen ditu nobelak. 1961eko udan, uztailaren 18ko urteurrenaren kariaz, Donostian izan ziren istiluetan hainbat atxilotu izan ziren. Haien artean zegoen Maria Mercedes Antxeta. 1936ko gerrako euskal errefuxiatuen alaba eta Venezuelan jaioa, iritsi berria zen Donostiara, aitaren aberria ezagutzera. Bertan, zoritxarrez, atxilotu egin zuten. Meliton Manzanasen Brigada Politiko-sozial tristeki ospetsu eta beltzaren eskuetan egon zen sei egunez. Tortura gordinenak, basatienak, jasan zituen. Venezuelan zeuden senideek salaketa jarri eta enbaxada mugitu zen. Sei egunen buruan komisariatik atera zuten eta, hegazkin batean sartuta, Venezuelara eraman. Handik 40 egunera hil zen Maria Mercedes, sei egunean jasandako torturen ondorioz. Nobelan plano desberdinak batzen dira: ETAren sorrerako garai haiek, frankismoko komisarietan bizi zen giroa, Venezuelako giro soziopolitikoa... Garrantzitsuenak, hala ere, protagonistaren bizipenak. Ez zaio erraza egin egileari, ez baitu aurkitu protagonistaren senideen aztarnarik eta bere garaian ere oso salaketa gutxi edo berri gutxi egon baitziren. Caracaseko “El Nacional” egunkaria izan zen Antxetak jasandako torturak salatu zituen komunikabide bakarra. Torturatu baten azalean jar gaitezen, Euskal Herrian egon diren torturatuen testigantza eta salaketa errealetan oinarritu da egilea. «Milaka torturatu daude aitortuak Euskal Herrian bertan, baina ez da nahikoa zenbakietan jartzea. Horri eman behar zaio konsistentzia bat eta hori egiteko modua da kasu errealak ateratzea eta horren salaketa egitea behin eta berriz, errekonozimendua izan arte, beraiek esan arte zer eta nola egiten zuten eta zeintzuen babesarekin. Egileak esaten duen bezala, tortura ez da antzinako gauza, baizik oraintsu arte inpunitate askoz eta askoren laguntza isilarekin praktikatu duten gauza bat. Bada garaia bultzada bat publikoki emateko», esan zuen Jokin Urainek. INFORMAZIO EZA�� ��