GARA Euskal Herriko egunkaria

Nell Leyshonen «Esnearen kolorekoa» antzerkira ekarri du Tanttakak

Bilboko Arriaga Antzokian «Esnearen kolorekoa» antzezlana euskaraz estreinatuko dute gaur. Nell Leyshon ingelesaren nobelaren egokitzapena da, idazleak berak moldatutakoa. Tanttaka konpainiak eramango du oholtzara, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Aitziber Garmendia da protagonista, eta Ingalaterrako 1830eko nekazari giroko baserri batean kokatuta dago.

Apaolaza, Olivares, Arrieta, Gabilondo eta Bernues, aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nell Leyshonen eleberriaren egokitzapena da “Esnearen kolorekoa” antzezlana, idazleak berak moldatu duena eta Tanttaka konpainiak oholtzara eramango duena. Gaur bertan estreinatuko dute Bilboko Arriagan, eta antzokian lana euskaraz ikusteko aukera bakarra izango da, hain zuzen ere, Euskararen Eguna dugun honetan. Abenduaren 5ean antzezlana gazteleraz eskainiko dute, eta hurrengo egunean ere jokatuko dute.

Arriaga Antzokiak asteon jaso du Arte Eszenikoen Akademiaren Urrezko Domina, eta hantxe aurkeztu zuten antzezlan berria.

Mary da obraren protagonista, Aitziber Garmendiak interpretatuko duena, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Protagonistaren esne koloreko ileak ematen dio izena antzezlanari. Garmendia eta Jose Ramon Soroiz dira bi pertsonaia antzeztuko ez dituzten aktore bakarrak; Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo eta Jon Olivares aktoreek, ordea, bina pertsonaiaren papera egingo dute.

Mary 1830eko Ingalaterrako nekazari giroko familia batekin bizi da baserrian, hots, aita, ama eta Violet ahizparekin. Aitak jo egiten ditu alabak, eta emaztea ere menderaturik dauka.

Violeten ametsa aitaren baserritik alde egitea da, ezkondu eta senarrarekin haren etxaldean lan egiteko. Maryk, ordea, irakurtzen eta idazten ikasi nahi du, liburuetan marraztuta ikusten dituen lerroei esanahia emateko. Bikario baten etxera joan beharko du neskame eta, han, aurkezpenean gehiegi zehaztu nahi izan ez bazuten ere, «tragedia» bat pairatuko du. Hala eta guztiz, alfabetatzeko aukera izango du.

Apaolazak azaldu zuen bi pertsonaia antzeztu behar izatea «desafioa» izan dela aktore gisa. Eta harekin bat egin zuen Arrietak. Lehenak Maryren aita eta bikarioa interpretatuko ditu, eta bigarrenak Violet eta Etna neskamea.

Arrietak azaldu zuen Violet eta Etna pertsonaiek badituztela antzekotasunak: «biak predestinatuta daude lan egin eta tratu txarrak pairatzera». Hala ere, adierazi zuen jarrerak desberdintzen dituztela antzezten dituen pertsonaiek, bata itxaropentsua eta baikorra baita, eta besteak ez du etorkizunean bizi duen egoera aldatzeko aukerarik ikusten.

Agertokia aulkiz eta ardi larruz baino ez da jantzita egongo, eta, Gabilondoren arabera, horrek «biluztasunetik sortzea» eskatzen du. Gaineratu zuen antzezlanak oso erritmo markatua eta bizia duela.

Bernuesek azaldu zuen obrak kontatzen duena protagonistaren oroitzapenak direla, dituen baliabide «oso primarioekin» jasoa. Ziurtatu zuen nobela irakurri dutenek ez dutela ezer faltan izango antzezlanean, testua «destilatu» behar izan duten arren.

Zuzendariak Garmendiaren lana goraipatu zuen, normalean komediaren alorrean aritu bada ere, antzerki honetan «erregistro tartea oso zabala» delako.

Urteurrena ospatzen ari da Tanttaka konpainia, berrogei urte bete baititu aurten. Gabilondok azaldu zuen konpainia «osasuntsu» dagoela eta «bihotza hankaz gora jartzen dizkiguten lanak» egiten ari direla. Larritasunez adierazi zuen sektorea asko aldatu dela eta orain obra askoz ere gehiago sortu behar direla denbora gutxiagoan, bizimodua atera ahal izateko. «Dinamika perbertsoa da», Bernuesen arabera: «Lanbide honetan, egingo duzuna zara; ez zara egin berri duzuna ere».

“Esnearen kolorekoa” antzezlana ikusteko sarrerak Arriaga Antzokiko txarteldegian eta webgunean salgai daude 21 eurotan.