Maite UBIRIA BEAUMONT
GAZTE EGUNA HAZPARNEN

EUsKAL GAZTERIAREN asmoak lehen lerroan emateko eguna

Handik eta hemendik heldutako gazteek plaza hartu zuten Hazparnen, Bagira prozesuak eta Xuti Gazte dinamikak auzolanean egindako gonbidapenari erantzunez. Atelier feminista batek eta alor ezberdinetan jarduten duten gazteen lekukotasunek hasiera eman zioten. Mendeala gelan antolaturiko kontzertuen doinupean itzali zen eguna.

Atelier eta hitzaldiekin abiatutako eguna besta giroan murgildu zen, arratsalde partean eginiko poteo girotuari eta Mendealeko gaueko kontzertuari esker.
Atelier eta hitzaldiekin abiatutako eguna besta giroan murgildu zen, arratsalde partean eginiko poteo girotuari eta Mendealeko gaueko kontzertuari esker. (Guillaume FAUVEAU)

«Gaurkoa ez da deusen bukaera; hau hastapen bat da, ezkertiar eta abertzale sentitzen garen gazteok gure indarrak antolatzeko tresna bat behar dugula uste dugulako». Hazparneko Mendeala aretoan, musikaz blai eguna bururatzeko prest zen gazte tropa hitz horiekin agurtu zuten, atzo gauean, Gazte Eguna auzolanean antolatu zuten Xuti Gazte eta Bagirako ordezkariek.

Ondoren, «sektore, eskualde eta sentsibilitate desberdinetako gazte abertzaleak elkarrekin aritzeko eta euskal gazteriaren aldarrikapenak eta gogoak lehen lerroan ezartzeko» deia egin zuten.

‘Orainetik Geroa’ lelopean antolaturiko Gazte Egunak «elkarrekin gozatzeko parada» eskaintzeaz gain, «borroka eremu ezberdinetan jarduten duten gazteen arteko loturak sortzeko» tresna bilakatu zen.

Konpromiso mota batzuk aletu zituzten hizlariek amaierako hitzartze horretan. «Ipar Euskal Herrian gazte andana gara engaiatzen garenak. Askok egin dugu noizbait txandaren bat gaztetxean, Euskal Herria Zuzenean Festibalean, Herri Urratsen edo Lurraman. Sarritan atera gara manifetara euskararen alde, presoen sustenguz edo etxebizitza eskubidea aldarrikatuz. Orain, emakumeok zapaltzen gaituen sistema hau borrokatzen dugu egunero», laburbildu zuten.

Euskal Herria eraikitzeko ezkertiar eta abertzaleek belaunaldiz belaunaldi berretsitako engaiamendu historikoari erreleboa emateko borondate irmoa agertu zuten hizlariek. Gisa berean, oraingo gazte borroka «Euskal Herriaren geroa euskalduna, feminista, ekologista, ezkertiarra eta burujabe izateko giltza izanen dela» aldarrikatu zuten.

Hitzetatik haratago, egun osoan hamaika elkargune eta hitz-aspertu harilkatu ziren Hazparnen, topaketa horren atarian Irantzu Idoate Funosas eta Eneka Barnetxe Borda Xuti Gazteko ordezkariek egunkari honi adierazi bezala, «Gazte Egunak, oroz gainetik, giro bat sortzen duelako».

TXOKO EZBERDINETATIK GUNE KOLEKTIBORA

Hiru eremutan banatu ziren Gazte Eguna kari antolaturiko ekimenak. Ekoizpena, formazioa eta kultur trukaketa proposatzen dituen FabLabea gelan hasi zen eguna. Bertan ‘Urrats feminista’ atelierra egin zuten neska gazteen eskutik, lehenik, eta horren ondotik ‘Gazteok Euskal Herria eraikitzera’ lelopean lan eremu ezberdinetan engaiaturik diren lau emazte gaztek haien lekukotasuna eskaini zuten, denen artean, «gazteriaren engaimendu ezari buruzko esamesak» gezurtatu zituztela.

Hala, kultura, sindikalismo, laborantza eta ekologiaren alorretan gazteek defendatzen dituzten ikusmoldeak eta garatzen dituzten proiektuen gainean haien bizipenak partekatu zituzten lau hizlariek.

Gaelle Vincens Bizi elkarteko kideak larrialdi klimatikoaz ohartarazteko azken urtetan antolaturiko mobilizazioak izan zituen abiapuntu. Adierazi zuenez, «engaiatuak ez diren gazteentzat eko arrangura horrek inspirazio bat ekartzen du, erronka globala eta lurraldea uztartzen dituelako».

Zientzia Politikoa ikasi ondoren kazetaritzan jardun zuen denbora batez Kattin Chilibostek. Familiaren etxaldearen transmisioak irudikatzen zuen erronkari aurrez aurre begiratzeko unea heldu zen arte. Laborantza formazioa egin eta, berehala, «kabalekin izateko nahikeria» gailendu zen. Artaldearekin aurrera eta atzera dabil, Donapaleu aldean, gasnagile gisara ere trebatu den Chiliboste.

«Argi nuen gure etxaldeko lurrak ez zirela merkaturat edo turismorat joango. Momentua heldu zenean, ardura hartu nuen», kontatu zuen.

Ipar Euskal Herriko laborarien %70 erretreta hartzeko hurbil dela oroitaraziz, lurrak atxikitzeko belaunaldi berrien premia agerian jarri zuen laborariak. «Burujabe izan nahi badugu, beharko dugu laborantza eta lurrari lotu», biribildu zuen Chilibostek.

«Gazte anitz kulturari esker bildu dira euskarara eta herri kontzientziara» aitortu zuen, bere aldetik, Ihintza Irungaray dantza koreografoak.

Oroigarri gisa, aurreko hamarkadetan eginiko lanari esker bermatu dela euskal kulturaren biziraupena azaldu zuen. «Batzuek folklorismoa hautatu zuten bitartean, beste batzuek balore ezkertiar eta abertzaleen arabera bidea zabaldu zuten, eta transmisio hori behar da bermatu beti, jakinik ere dantzak eta kulturak errazten dutela gazteen parte hartzea», defendatu zuen, horren adibide emanez kabalkadak antolatzeko azken urte hauetan herri ezberdinetan martxan eman diren taldeak.

Finean, Gobernu frantsesak inposaturiko erretreten erreformaren aurkako borroka hizpide izan zuen Joana Urrutik. LAB sindikatuko kideak onartu zuenez, «gazteok agian ez gara horretaz ohartzen, baina belaunaldien arteko elkartasuna funtsezkoa da». Adibide hurbil bat eman zuen, «injustizien aurkako borroka integral horri» gazte ikuspegia txertatzeko beharra ulertarazteko. «Nire aitatxi 60 urterekin erretretara joan da, nik ezagutuko dudan baino babes handiagoa eskaintzen zuen sistemari esker», agerian jarri zuen sindikalista gazteak.

Lau hizlariek «balore kolektiboak», «elkartasuna» eta «auzolana» funtsezko osagaitzat jo zituzten, aurrera begira ere gazteen beharren araberako borroka tresnak eratzeko.

BAZKARIA, TOKIKO MOZKINEKIN

Goizeko hitzaldien ondotik, Gazte Eguna bigarren eremuan sartu zen, hain zuzen, Xuriatea jatetxean bazkaria antolatu zutelako, arratsaldeko egitarauari aurre egin aitzin indarrak biltzeko. ELB laborantza sindikatuko kide gazteen laguntza preziatua izan zuten tokiko mozkinekin osaturiko bazkaria eskaintzeko orduan.

Ondoko menua ezarri zuten. Hazparnen atzo zen giro hotz eta tartean euritsuari aurre egiteko, sarrera gisa, Itsasuko Aroztegia etxaldetik heldutako kuiekin salda eskaini zuten. Ondoren, Itsasuko Haraneak ekoitziriko Ezpeletako biperrarekin eta Ramuntxo Lakok hornitutako tipulekin ondutako axoa zerbitzatu zuten.

Kaiet Berberarenak Iholdiko Landaia etxaldetik heldutako haragiarekin prestaturiko gisatua laguntzeko, Aiherrako Betirisatea etxaldetik heldutako lursagarrak eskaini zituzten. Platera egiteko Nouste Ekil olioa baliatu zuten.

Bref, nekez ahal zitzaiola Irisarriko Ogi Bihiko labean egositako ogiarekin platerra garbitzeko tentazioari ihesi.

Desertari bidea irekitzeko Arrosako Oheta Etxaldeko gasna jan zuten, jarraian, bazkarian bildutako gazteek. Finean, Arberoan zehar elkarteak eginiko euskal bixkotxa dastatzeko parada ukan zuten.

Zirkuitu laburreko bazkariarekin energia bildu ostean, arratsalde partean poteo girotu batekin Hazparneko karriken gaindi hedatu zuten gazteek besta usaina. Segizioa Mendealean izan zuen helmuga. Bertan, Zea Mays, Gozategi, Odei, Olaia Intziarte eta DJ Latxirongaren esku gelditu zen gazte mugimendua bizkortzeko akuilu izan nahi lukeen Gazte Egunari merezi zuen besta dosia eskaintzeko lana.