GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Euskaraz bizitzea eskubidea da, ez mesedea


Euskararen Eguna izan zen atzo, abenduak 3. Euskaldunen hizkuntzaren eguna, urte amaieran ospatzen dena. Beharbada jende askok aurten bere buruari galdetu dio ospatzeko motibo handirik ba ote dagoen, urtean zehar euskararen aurkako epaiak metatuz joan direla ikusita. Aurretik ere izan dira euskararen aurkako askotariko erasoak, bultzada politiko nabarmen baten zantzuak. Hala ere, epai pilaketa hori bultzada horren jauzi kualitatibo baten erakusgarri da, hain zuzen ere kontsentsu zabaletik sortutako legeen aurkako erasoak direlako, eta erabilitako tresna, eztabaidaren ordez, auzitegiak direlako. Horren iruntzia oldarraldi horri aurre egiteko mobilizazioak izan dira, bereziki azaroaren 4an Bilbon dozenaka mila lagun bildu zituena. Herritar haien izenean, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aldeko akordio soziopolitikoa aldarrikatu zuen.

Euskal hiztunak beste edozein herritarrek dituen eskubide berberak dituela onartzen bada, euskal hiztunak herritarrak direla onartzen bada, ez da onartzeko modukoa egunerokoan eta arlo guztietan beren hizkuntzan bizitzea eragoztea. Izan ere, administrazioarekin harremanak euskaraz izatea ez da inolako mesedea, ez inoren aurkako jarrera ere, herritarren eskubidea baizik. Eta epaitegiek eskubide hori urratzearen aldeko ebazpenak eman izan dituzte, azkenaldian behin eta berriz, euskararen normalizazioak gaztelania kaltetzen duela argudiatuz. Diskurtso hori, delako inposizioarena, ez da zenbait epailerena edo ultraeskuinarena bakarrik, ordea; atzo bertan Eneko Andueza PSEko idazkari nagusia harro agertu zen, PSEk «irmo» eutsi ziolako «doktrinatzeko Hezkuntza Legea» nahi omen zutenen aurrean. Lege horrek berak ezarritako helburua ezin bete duen eredu zaharkituari eutsita, alegia.

Diskurtso hori darabiltenek, bide batez eta nahi gabe ere, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko tresnak behar direla azaltzen ari dira, oraingo estatuen menpeko eskuduntzak alferrikakoak direla, horien araberako legeak hutsaren hurrengo izan baitaitezke, joera politiko baten gustukoak ez direnean. Euskal hiztunen eskubideak benetan bermatzeko tresnak Estatu propio batek baino ez dituela.