Jon GARMENDIA
Idazlea

Zuek nor

Isiltasunarekin nola erantzun daitekeen. Isiltasunarekin nola hitz egin. Posible dela. Lehen aldiz nire Gorriti maiteari entzun nionetik buruan bueltaka dut. Unibertsitate infinitu bat da hori, ordea, ikasgai betierekoa. Isiltasunean trebatzeko barnerakoia izan behar delakoan nago, introbertsio prozesu bat bailitzan dena, hausnartu, gogoeta egin, eta gero isildu. Gainera. Holakoetan, gure txikitako garaietatik, lautik hautatzen ditut bi anaia, umetoki berean egonak, baina biak hain desberdinak, hain isila bat eta hain hiztuna bestea. Barnerakoiak behatzaile, dotore nabigatzen zekien buruaren bihurguneetan. Esan gabeko hitzen leuntasunean atseden hartuko balu bezala, entzutea maite zuen; baina ez zarata, ez azaleko elkarrizketak, horrek denak agortu egiten zuen bere lasaitasuna. Bere emozio sakon eta bizia begirada zein keinuen dardara leunean zetzan. Aitzitik, bestea, estimulazioa eta konexioa bilatzen duen arima aseezina da. Eguzki sutsua bezala, energia igortzen duena, besteak beregana erakarri nahiz. Beti irrien xerka, hitzen plazeruneetan.

Elkarguneak ditu jolastoki, loratu ahal izateko espazio. Elkarrizketa biziek bere adimena elikatzen dute, eta elkarrekintza sozialetan galtzen dira bere keinuak, abstraktuegiak. Baina hitzen logika atzematea da kontua, hazteko eta ikasteko aukera gisa. Anaia hauxe naiz ni.