GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Interview
IzARO
Musikaria

«Ez da hain meritokratikoa gu nor garen, gero nolakoak garen baizik»

Fase desberdinak bizi izaten ditu artistak. Batzuetan gozoagoak, garratzagoak besteetan. Izarok “Limoiari eztia” bota zion dokumental moduan lehendabizi, eta “Cerodenero” diskoa dator orain, bere buruarekin «justizia» egiteko. Azken kantua bukatzearekin bat sendatu omen zen guztiz ordura arte bizitako garai ilunaz. Orain, denontzat dira hamabi abestiak.

(Gotzon ARANBURU | FOKU)

«Zulo efimero»-a aipatzen duzu «Zero» kantuan, prozesu efimeroa izan da diskokoa?

Ez, batere ez. Guztiz kontrakoa izan da.

Emozioen mendi bezala deskribatu duzu diskoa. Irudi publikoarena, esposizioarena, ez zenuen espero horrela izan zitekeenik?

Ez, keba. Gainera, ez da irudia bera txarto eramatearena, baizik eta une batez horren gaineko kontrola galtzearena izan da gauza. Buruan beti izaten dut hedapen fisiko mugatu bat dugula, hau da, zure besoa heltzen da toki bateraino eta hori da organikoki lortu dezakeezuna. Baina gainesposizio bat dagoenean, zure irudia zurea izateaz aparte mediatikoa denean, bat-batean zure besoa kilometroak luzatzen hasten da. Zer gertatzen da hor? Bada, zure besoari kosk egiten badio norbaitek, nabaritzen duzula eta konpontzen duzula egoera hori. Baina, zure besoaren ehungarren kilometro mamu horretan zer gertatzen den ezin duzunez kontrolatu, bada, buruan zarata sortzen hasten da zure beso hori nola gobernatuko ote duzun galdezka. Ezin da. Hortaz, niretzat oso garrantzitsua izan da besoa hartu, atzamarren parean guraizez ebaki, eta hortik kanpo dagoen hori, nahiz eta ni izan, ez dela nirea ikustea.

Handitu nahi duen proiektu baten zioetako bat hori baita, horrelako gauzak ezagutzen joatea, alegia.

Jakina, eta bada gure lanaren zerbait. Saihestezina den zerbait da, musika egiten duzu eta komunikazioan bizi zara. Hortaz, komunikazio hori etengabe pertsonekin da eta, une batez, pertsona horiek dira hainbeste, pertsonak izatetik masa izatera pasatzen dela dena. Konplexua da masa horrekin nola harremandu ikastea. Masa, gehi haien mugikorrak, gehi haien mugikorretan dagoen interneta. Masa infinitu bat da eta zu guztiz finitua zara. Orduan, oreka topatu behar izan dut hor.

Sareetatik erretiroa edo erretiro mediatikoa egin duzu. Zaila izan zen hasieran?

Ez, kar-kar. Super gustura egon naiz, eta gauza pila bat eta lan pila bat egin dugu tarte horretan. Horrez gainera, nire bizitza erabili dut, aspaldian erabili ez dudana. Lan honetan dabilenak badaki zenbaterainoko sakrifikatua den honetan aritzea, bai denboraz, bai planez, buruz… Niretzat ‘agua de mayo’ balitz bezala izan da. Distantzia bat hartu dut berriz ere itzultzeko.

Eta, orain, itzulera hori beldurrik gabekoa da?

Badaukat bertigo pixka bat. Eta ez da hainbeste publikoarena, mediatizazioarena baizik. Azkenean zure informazioa eraldatzen doa, nahiz eta zuk ez kontatu, bolboraren moduan, deskontrolatu egiten da dena. Bada, deskontrol horrekin bizitzen ikasi behar da. Hori bai, sekulako gogoa dut publikoarekin elkartzeko, urtebete pasatu dela azkeneko alditik [hasperen egiten du].

Ibilbidean lehen pausoa «Iparraldera» ematen dugu. Zer da zuretzat iparraldea?

Nongotasunaren erlatibitatea da kantu hau. Uste dut ez dela fisikoki zuzena, baina uste dut badela toki bat munduan, punturik iparraldekoena dena eta hortik iparralderago joan ezin dena, hegoaldera soilik joan zaitezke. Hau horrela ez bada, idatzi iezadazue. Kontua da, niretzat iparraldearen kontzeptua zen, nonbait oinez hasi iparralderantz eta munduari buelta eman eta berriz ere toki berera itzuliko zinatekeela. Hau da, dena dela erlatiboa eta denak garela norbaiten iparraldea. Nik iparralde fiktizio hau asmatu dut, non beste dimentsio batean nagoen, baina esan nahi dudana da ni edozein tokitan nintzatekeela bertako, toki horretan jaio izan banintz. Erlatibitate hori erakutsi nahi nuen, gure perspektiba askotan eraikitzen baita gure esku ez dauden gauzekin. Ez da hain meritokratikoa gu nor garen, gero nolakoak garen baizik.

Mendietan, iparraldeko aurpegia izaten da normalean igotzeko zailena. Hori ere buruan zenuen?

Bai, zailena eta hotzena. Horregatik nahi nuen mendiaren igoera alde horretatik hasi.

Trekking moduko bat iruditu zait «Campamento base» bitarteko guztia.

Horma bertikala “X eta besteak” kantuarekin hasten da, eskalatu beharrekoa da hori. “Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen” paretari begira hausnartzen dabilen Izaro da, igo egin beharko duela ondorioztatzen duena. Eta eskalatzaileek paretan lo egiten duten moduko atsedenaldi bezala ulertu behar da atzetik datorren “Aguacero”, hauskortasunaren kantua. Meritu handiko zerbait iruditzen zait hori, normalean pareta handiak igo behar diren une psikologikoetan zu zeharo apurtuta zaudelako. Bada, gogor igo behar den unea da “X eta besteak”, eta gero iristen gara “Campamento base”-ra.

Bideoklip bat ere egin duzu, kantu guztiak hartzen dituena, 30 minutukoa.

Izaro 3.0 bat da, erokeria bat zela esan zidana zuzendari batek edo bestek. Baina Ander Etxebestek erronka onartu eta udan grabatu genuen guztia. Aurten 30 urte beteko ditut abenduaren 31n, eta 30 minutu ere horregatik irauten du.

Pianoarekin jolasten noiz hasi zinen?

2021 bukaeran hasi nintzen pianoarekin jolasten. Iker Laurobak harmonia pixka bat erakutsi zidan, zer egiten nenbilen jakiteko gutxi gorabehera, normalean dena belarriz egiten baitut. “Delirios” ere pianoz konposatu nuen, baina ez nekien instrumentua jotzen. Orain askatasun gehiago dut akorde mailan eta horrela, eta beste tesitura bat zabaldu dit. Oso aberasgarria zait hori. Nire banda ere oso pozik dago; haientzat tono errazak erabiltzen ditut, eta gitarran ez.

Prentsaurrekoan aipatu duzu nola dantzaren bitartez transmititzen diezun musikariei ekoitzi nahi duzun ideia hori. Ulertzen dut erritmoa markatzeko modu bat dela.

Erritmoaren azentua markatzeko paparrarekin egiten dut mugimendua, eta hankekin gainerakoa. Orduan, gutxigorabehera hor joaten gara.

Hasieran kostatuko zen hau horrela lantzea, ezta?

Musikarien aurpegiak poema hutsa ziren. Orain, Garazik dantza egiteko eskatzen dit, ulertu ahal izateko buruan dudan hori.

Zuzenekoetan ez dugu «Superbowl» baten estiloko ikuskizunik izango, ezta?

Ez daukagu horretarako dirurik, oso zaila da. Dantzari asko beharko lirateke baita ere. Hala eta guztiz, niretzako frustragarriena da zuk ideia horiek guztiak buruan izatea baina baliabiderik ez. Betiko borroka da, denona, zerbait egin nahi eta errealitatea dator atzetik. Guk ezin dugu Kursaalen hiru hilabetez entseatu; bertara joan eta ahal duguna egingo dugu.

«Limoiondo» kantuarekin dator beste magala, hegoaldekoa. Bi kantu hauetan, gailurrekoetan, ahotsa da protagonista, baina oso desberdin abesten duzula uste dut. «Limoiondo» kantuan zure belusezko ahotsa entzun dezakegu. Berotasuna datorrelako da?

Zenbat nabari den ni non nagoen hobeto. “Limoiondo” dator eta askoz hobeto nago, bideoan ere nabari da, aurpegian nabaritzen zait. Hemen erreferentzia nagusia Norah Jones eta bere piano gozoa ziren, baita bere ahots gozoa ere. Perkusioa, kontrabaxua… oso organikoa, nire hasierako Izarora eramaten nauena.

Bideoko azken kantuetan planoen atzeko aldea erakutsi duzue, lantalde osoa erakutsi nahi izan duzue. Hamabi kantu, hamar janzkera eta hamar orrazkera.

Hamabi kantu, hamabi hilabete. Lan handia jantziterian, orrazkeran… Lan handia egon da guztia irudikatzen. Astebeteko grabaketa izan zen, sei hilabeteko aurre-grabaketa lana, urtebete nik nire buruan guztia diseinatzen. Eta super harro nago lana egin dugun moduaz, ez soilik egindako lanaz. Elkarri laguntzen egin dugu lana eta era ia-ia eroso batean, eta hori guztia erokeria bat iruditzen zait, errodaje oso gogorra izan zelako. Lan taldea horregatik nahi nuen erakutsi, fantasiaren zutabeak erakutsi nahi nituelako, dena eraikitzen denaren aldamioko kideak.

Eñaut Gaztañaga soinuan, Ander Etxebeste bideoan, Jaiotz Osa dantzan… Baina artearen sorkuntzan ondoan izan duzuna, azpi-azpitik etxea eraikiz, Claudia Chocarro izan da.
Une batez beste bi esku, beste bi begi eta beste burmuin bat behar nituen hau dena aurrera eramateko. Bidean Claudia topatu nuen, artistikoki gustu oso antzekoak ditugu biok eta gorputzez ere oso antzerakoak gara. Hala, estilismoak askotan berak probatzen ditu eta kito. Uneren batean erabaki bat hartu behar bada eta bertan egotea ezinezkoa bazait, badakit Claudiak niri gustatzen zaidan erabakia hartuko duela. Hortaz, niretzat oso garrantzitsua zen hori, eta baita bere ikuspegi artistikoa ere. Janzkerekin duen gustua sekulakoa da.
Aretoak bete samar dira, baina gero bestelakoak etorriko dira? Batzuentzat sarrerak ordaintzea zaila zen.

Urtea luzea da eta egongo dira modu desberdinetako aukera asko gu ikusteko. Urtea aurrera doan heinean, mundu guztiak izango du gu ikustera etortzeko aukeraren bat.

Zenbatzen ari zara falta diren orduak?

‘Todas las horas que quedan? Van a pasar, es inevitable’. Saiatzen nabil astiroago igaro daitezen, erritmoa berriz ere nahikoa frenetikoa bihurtzen ari delako. Abiadura hartzen ari da guztia, eta hilabete hau pixka bat astiroago joatea eskertuko nuke. Oraintxe pixka bat “Cerodenero” pare bat sartu eta arnasa hartu.

Yetiarena egiten saiatuko zarela diozu hemendik aurrera, nahi duzunean ikusiko zaitugula, alegia. Beraz, ikusten zaitugun zuzeneko horietan disfruta dezazula.

Mila esker!