Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Gabon, Gaza

Hiriko gaua iluna da misilen distira izan ezik, isila bonbardaketen soinua izan ezik, beldurgarria erreguaren lasaitasuna izan ezik, beltza martirien argia izan ezik”. Heba Abu Nada poeta gazteak idatzitako azken mezua izan zen, armada sionistaren bonben pean hil zen arte.

Ez dago ametsik itxaropenik gabe, ez eta itxaropenik ametsik gabe ere, baina ametsen suntsiketa masiborako misilek Gazako eta Zisjordaniako haurrei eta herritarrei gelditzen zaizkien amets apurrak lehertzen dizkiete. Zenbat Gaza kabitzen dira bihotz hautsi batean?, zenbat Gernika garrasi etsi batean?; nola esplikatu mundua , nola esan gure ondorengoei infernua egon badagoela?, ez infernu biblikoa, egiazkoa baizik, mundutarra, danteskoa, begirada etsituetan tatuaturik gelditzen den horietakoa baizik.

Mendebaldeko heriotzaren esponsorrak gerraren bizkar bizi dira, harresiak eta checkpoint-ak dituzte eraikitzen, gorrotoa zainetan odolbildurik duen Israelek matoi lanak egin ditzan onesten dute. Talion legea aplikatu eta arratoiak legez akabatu behar dira ez-jende horiek, historiaren biktimak izan ziren berberak borrero bihurtuta. Historiaren ispilu miragarria. Holokaustoaren eta Nakbaren ondotik Munduko Ordena Berriak heriotza hedatzen jarraitzen du, okupazioa eta kolonialismoa bultzatzen ditu; bizitzaren hiltzailea da. Barren urratuak, etsipen negarrak eta lantuak, etorkizun oro abolitua da palestinarrentzat, giza duintasun oro ehortzi dute eta duten patu bakarra paturik eza da. Leviatana aske dabil Gazako zerrendan.

Dolua eta samina eldarnioka direla, hildakoak lurperatzea baino eskatzen ez duten Palestina okupatuan lurra estuegi zitzaion Mahmoud Darwish poeta irudikatzen dut pikondo baten adarra hartu eta harri baten gisan konkistatzaileen tankeen aurka jaurtitzen. Hori da poesia Palestinan, pikondo baten adarra, etsaien aurkako abaila, borrokarako gailua, zauri ireki bat memoria konfiskatua gordetzeko, irauteko, bizirik sentitzeko, premia larrian diren ametsak salbuesteko. Hala ere, esperantza erein daitekeela sinesten duen herriari, gabon.