Imanol CARRILLO
PILOTA

Artola-Imazen sendotasuna Laso-Aranguren ahultasunaren aurka

Zenbait hilabetez kantxetatik kanpo utzi duen lesioa gaindituta ere, Lasori sasoia falta zaio oraindik, eta Arangureni nahiko urduri nabaritu zitzaion atzeko koadroetan. Gorriek egindako 14-0eko partzial bortitza gehitu behar zaio horri.

Unai Lasori gogotsu sumatzen zitzaion, baina ezinean aritu zen eta momentu batzuetan haserre ere bai.
Unai Lasori gogotsu sumatzen zitzaion, baina ezinean aritu zen eta momentu batzuetan haserre ere bai. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako Txapelketako bigarren jardunaldian baino ez gauden honetan, oraindik ezin da ondorio zehatz eta finkorik atera, baina atzo Tolosako Beotibarren ikusitakoa ikusita, zenbait ezaugarri azter daitezke. Lehena, eta garrantzitsuena, joko onak eta bikote gisa elkar ondo ulertzeak lehen garaipena eman diela Artola eta Imazi. Bigarren ondorioa, Unai Laso bere maila onenetik oso urrun dagoela.

Ikusmin handia zegoen Bizkarreta-Gerendiaingoaren berragertzea ikusteko. Aldakako lesioa behin gaindituta, eta Binakako Txapelketaren aurkezpenean egindako adierazpen “polemikoen” ostean, pilotazaleek Baikoko aurrelariak zer nolako maila izango zuen ikusi nahi zuten. Bada, emaitza hortxe geratu zen: Artolak eta Imazek 22-11 irabazi zieten Laso eta Arangureni.

Hasiera orekatu baten ostean -3-3 berdinduta egon ziren-, gorriek alde egin zuten markagailuan 14-0eko partzial ikusgarri batekin, eta urdinek ezinezko izan zuten buelta ematea. Hor ikus daiteke, kirol aldetik, ondorio nagusia.

Baina itzalean badira aipatu beharreko beste zenbait puntu. Izan ere, Artolak eta Imazek lehen partidan erakutsitako joko ona emaitzan islatzea zuten helburu atzo. Saiatu eta lortu. Urdinek, aldiz, beste asmo batzuk zituzten. Lasok, kantxetara ahalik eta ondoen itzultzea, eta Arangurenek, Binakakoaren aurkezpenean Lasok agertu zuen kexaren harira, Bizkarreta-Gerendiaingoak behar duen atzelaria dela erakustea.

ETBko kameren aurrean pozik agertu ziren Lasoren gertukoak, partidan nola erantzuten ari zen ikusita, baina aurrelari nafarrak huts gehiegi egin zituen Tolosan eta kosta egin zitzaion erasoan sartzea.

Bestalde, bere bikotekideak karga gehiegi jarri zuen bere sorbaldan, eta nabaritu egin zen. Aginagakoak pilota erraz batzuetan huts egin zuen -lehen tantoan, adibidez, eta bigarrengoan tantoa egin zuen baina nahigabe-, eta beste batzuetan, nahiz eta aurkariei tantotzat eman, gehiago egin zezakeen pilota frontisera eramateko.

Egia da Lasorekin aurtengo txapelketan jokatzen duen lehenengo partida zela Beotibarrekoa, eta presioa bazuela, baina neurketak aurrera joan ahala ikusiko da bikote gisa noraino irits daitezkeen.

GORRIAK, BIKOTE SENDOA

Partidari berari dagokionez, gorabehera gutxikoa izan zen. Lehen aipaturiko 14-0eko partziala kolpe latzegia izan zen urdinentzat. Gorriak, gainera, oso ondo aritu ziren bikote gisa. Artolari konfiantzarekin nabaritzen zitzaion eta Imaz behetik gora aritu zen, atzean oso sendo mantenduz eta bere aurrelariari lan asko kenduz.

3-3koa izan zen azken berdinketa. Hortik aurrera, gorriek 17-3raino alde egin zuten. Tartean, Lasok atsedena eskatu zuen (9-3koan, adibidez), baina ez zen nahikoa izan Artola-Imazek sorturiko urakanari aurre egiteko.

17-4an ikusi zen Lasoren bigarren tantoa, eta hurrengoa ere berea izan zen, ezker gantxoz amaituriko sake-erremate eder batekin. Kalitatea, behintzat, ez duela galdu argi utzi zuen nafarrak. Hala ere, momentu horretan, Arangurenek beste huts bat egin zuen.

Egia da gorriak pixka bat lasaitu zirela eta bien artean elkar ez ulertze bat egon zela, baina garaipena eskuan zuten eta Artolak itxi zuen atzean.