GARA
LAU ETA ERDIKOA

Belaunaldi-talka itxurako finala jokatuko dute Aldaik eta Zabaletak

14 urteko pilotariak 22-19 irabazi zion Leire Garairi, erraz hasi eta konplikatu egin zitzaion partidan, eta beste finalerdian, Aldai, espero baino askoz ere errazago, 22-3 gailendu zitzaion sasoian eta ilusioarekin iritsi zen Miriam Arrillagari.

Aldai, pilota astintzeko prest Arrillagaren aurrean.
Aldai, pilota astintzeko prest Arrillagaren aurrean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Amaia Aldai, azken bi urteotako txapeldun eta egungo erreferente handienetakoa, eta Goiuri Zabaleta, 14 urterekin kirol honen etorkizuna eskuetan duela dirudien pilotaria, arituko dira abenduaren 17an Durangon jokatuko den eta belaunaldi-talka itxura hartuko duen Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako final handian. Dimakoak eta leitzarrak 22-3 eta 22-19 irabazi zieten atzo Miriam Arrillaga eta Leire Garairi goraino bete zen (450 pertsona) Abadiñoko Matienako pilotaleku bilduan, giro ederrean.

Hasiera-hasieratik Goiuri Zabaleta 7-0 aurretik jarri zen baina, egia esan, lehen finalerdia ikusgarria, gogorra eta oso orekatua irten zen. Erakutsia zuen aurretik Zabaletak tantoak amaitzeko sekulako abilezia duela, baina atzo bestelako dohain handiak ere badituela berretsi zuen, partida borobila jokatuz. Batez ere, 14 urterekin sinestezina dirudien patxada erakutsi zuen, pilotakada bakoitza zentzuz joz.

Hala, partida luzatzeak Leire Garairi mesede egin ziezaiokeela zirudien arren, leitzarrak ez zuen beldurrik izan tantoak landu eta luzatzeko eta, eskuin fresko batekin, gasteiztarra laugarren koadroaren buelta horretan izan zuen.

Gauzak horrela, partidaren lehen erdi luzean alde erosoak kudeatu zituen aurrelari nafarrak, 10-17 ere aurreratu zelarik. Errazena amore ematea bazen ere, Leire Garai ez da lehenengoan amore ematen duen horietakoa eta lanean jarraitu zuen. Ahal izan zuenean aurrera pauso bat eman zuen eta, airez eta sakearekin asmatuta, Zabaletari min egitea lortu zuen. Fisikoki ere asko gogortu zen partidari hobeto erantzun zion arabarrak eta, lanari esker, markagailua asko orekatzea lortu zuen. Behetik gora etorrita, tanto bakarrera gerturatzea lortu zuen 19-20koan. Gauzak estuen zeudenean, tanto oso luze eta borrokatu batean leitzarrak sakea berreskuratu eta merezitako garaipena eskuratu zuen.

ALDAI, ESPERO BAINO ERRAZAGO

Oso bestelakoa izan zen bigarren finalerdia eta bertan Amaia Aldai txapelduna gainetik pasa zitzaion Miriam Arrillagari (22-3). Txapeldunak asko jokatu zuen; bereziki sakearekin sekulako triskantza egin zion dimoztarrak; denera 10 tanto egin zizkion lehen pilotakadarekin, eta uste baino askoz garaipen errazagoa eskuratu zuen.

Miriam Arrillagak, bestetik, ez zuen bere maila ematerik izan, nahiz eta piloteoan aritu ziren aukera urrietan kolpez aurkaria baino gutxiago ez dela erakutsi zuen.

Sasoian eta ilusioarekin heldu zen pilotari aginagarra Abadiñora, lehen tantoetan aurkaria estutzea ere lortu zuen noizbehinka, baina tarteka behar izaten den zorte puntu hori ere ez zuen bere alde izan; tantoak gorri izan ziren eta erabat amildu zen.

Txokoan egindako dejada bikain batekin lortu zuen bere lehen tantoa atzelari gipuzkoarrak (15-1), baina Amaia Aldaik ez zion inolako erreakziorako aukerarik eman eta espero baino errazago eraman zuen final handirako txartela aurrelari arratiarrak.