DEC. 10 2023 GAURKOA Soziometroari bueltaka Larraitz UGARTE ZUBIZARRETA Abokatua Asteon Eusko Jaurlaritzak azaroan egindako inkesten harira argitaratu duen Soziometroak, ohiko lez, lidergoen eta alderdi politikoen balorazioen gaineko titular andana utzi dizkigu, beste kontsiderazioen gainetik. Tartean taldekideek haienei egindako itsuskeriak erreparatzeko nahia ere ikusi dugularik, beti bezala, errua besteei botaz, bestalde. Espero zitekeen bezala, Iñigo Urkullu lehendakariak jaso duen balorazioa, duen ezagutza maila kontuan izanda, ona da ezbairik gabe. Halere, hori baino askoz argazki sakonagoak utzi dizkigu makroinkestak. Deigarriena da lau herritarretik hiruk euren egoera ekonomikoa balekotzat jotzen dutela. Hau da, balorazio ona egiten dute eta euren oinarrizko beharrak eta kontsumo desirak aseta dituztela dirudi. Besterik da zeri edo nori egozten diogun horren meritua, baina: edo jendartean oso konforma errazak gara (ez dirudi horrek hipotesia gaur egungo jendartea ezagututa), edo oro har biztanleriaren parte handi batek ondo bizi denaren pertzepzioa dauka. 2009tik, gainera, modu ez linealean bada ere, pertzepzioa hobetzen joan da. Bigarren argazki deigarriena politikarekiko interesaren gorakadarena da. Oraindik 10 lagunetik 6k interes gutxi adierazten badute ere, gero eta jendarte esparru zabalagoak jotzen du politika intereseko. Ez dakit Espainiako politikan gertatzen ari den leherketa guztiak eragin duen, sare sozialetan politika modu xeheagoan esplikatzeak lagundu duen, belaunaldi aldaketaren emaitza ote den... ezta politikarekiko interesaz galdetzean politikaren zentzua nola interpretatzen den ere. Baina politika pasioz bizi dugunontzat bada itxaropenerako datua. Dena den, guztia ez da polita euskal politikagintzan. Euskal administrazioaren eta Jaurlaritzaren politikek jasotzen duten balorazioa oso kaxkarra da arloz arlo begiratzen badugu. Turismoa, Kultura bizikidetza eta memoria eta hizkuntza dira soilik galdekatuen erdiek baino gehiagok ontzat jotzen dituzten arloak. Hortik gertu daude ingurumena, segurtasuna, hezkuntza, berdintasuna edo azpiegitura politikak, baina oso berdinduta ageri dira hala-nolako kudeaketa edo kudeaketa txarra aipatzen dutenak. Iritzi publikoa erdibituta dagoela esan dezakegu hain garrantzitsuak diren alor hauetan. Eta legegintzaldiaren amaierara iristen ari garen honetan, ez da harritzekoa, alor horietan eman diren aurrerapausoen eskasia ikusita. Kontuen emaitzak ez du harrotasunerako motiborik ematen. Txostenaren arabera, EAEko biztanleek osasungintza, enplegua, etxebizitza eta justiziarekiko dituzte ikuspuntu okerrenak. Lehen hirurak dira gainera jendartean kezka gehien sortzen duten arazoak. Herritarrei gai horiekiko Eusko Jaurlaritzaren jarduna baloratzeko eskatu zaie. Eta hiru kasuetan emaitzak esanguratsuak dira, txarrerako. EAEko herritarren herenak soilik uste du osasungintzan egin den kudeaketa ona dela, eta beste heren batek hala-nolakotzat jo du. Emaitza honen zioa gobernu bat desgastatzeko estrategia bat izatea baino konplexuagoa dela antzematen da, eta seguruenik bizipen pertsonalekin lotutako arrazoiei erantzuten diela ulertu beharko lukete honen arduradunek. Beste era batera esanda: ez dago egoera kaxkar bat eufemismo literarioekin estaltzerik. Antzekoa esan daiteke enpleguaren kudeaketari dagokionez, eta zer esanik ez etxebizitzaren inguruko kudeaketaz. Bost hiritarretik batek soilik jotzen du balekotzat etxebizitzaren alorrean gobernu autonomikoak egindako kudeaketa. Jaurlaritza espainiar etxebizitzaren legeari eskuduntza arazoak planteatzen ikusi dugu, hemengo legeriaren aplikazioari muzin egin dion bitartean. Etxebizitza publiko parkea handitu ez, alokairuen prezioan esku hartzerik ez..., Pertsona batek duen behar oinarrizkoenerako planik ez izateak jendearen suspentsoa ekarri du. Eusko Jaurlaritzak lehendakaritzaz gain dituen hamaika departamentuetatik hiru soilik kudeatzen ditu PSEk. Horietatik bat arduratzen da etxebizitzaz. Enplegua da beste bat, Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak pilotatua. Eta hemen ere, suspentsoa. Demagogiarik egin gabe argi dago enpleguaren egoera, ez onerako ez txarrerako, ez dela Jaurlaritzaren afera soilik. Baina arlo honetan ere lidergo publikoaren falta nabaria izan da. Hobe luke, beraz, Eneko Anduezak, bere bazkidearen aurka papar erakustaldi etengabea egin beharrean, bere etxera begiratuko balu. Politika konbentzionalaren mugak erakutsi dizkigu Soziometroak, eta esanak esan, ez dirudi jendarteak bere egoeraz daukan pertzepzio onak jendea jaurlaritzaren meritupean kokatzen duenik. Hauteskunde autonomikoak ate joka ditugun honetan, jendartearen kezkentzat erantzun zehatz eta eraginkorrak ematen asmatzen duenak izango ditu emaitzarik onenak izateko aukerak. Eta zentzu honetan, albiste ona da jendartearen ezagupen eta interes maila igo izana, horrek jendartearen galdekizun maila igo egingo duelako eta gero eta zailagoa izango delako zinta-mozte, gorbata erakusketa eta lore eskaintzak besterik erakusten ez dituzten propaganda ekitaldiekin benetako eraldaketa politiken gabeziak estaltzea. Politika konbentzionalaren aroaren agonia zenbat luzatu daitekeen izango da galdera, baina “beste zerbaiten beharra” ate joka dator. “Ez nago gaizki, hobeto egon naiteke eta nork lortu diezadake hori” izan daiteke gogoeta gako nagusia. Erronka handiak ditu herri honek. Politika publiko sendoak, lidergo berriztuak eta aliantza politika berriak beharko dira erronka horiei guztiei fundamentuz heltzeko. Bozek esango dutena entzun eta urte luzetan ezarritako gidoia kaxoira botatzeko indarrak beharko dira, baina gaurdaino ez dugu ezagutu orain baino une egokiagorik hori lortzeko. Politika konbentzionalaren mugak erakutsi dizkigu Soziometroak, eta esanak esan, ez dirudi jendarteak bere egoeraz daukan pertzepzio onak jendea jaurlaritzaren meritupean kokatzen dituenik