Xole ARAMENDI ALKORTA

bi intimitateren enkontrua

Bakartia izan ohi da idazlearen sorkuntza bidea. Musikarien kasuan, taldekideak izan ditzakete ondoan, bidelagun. Azoka gauza asko da. Bada enkontrua, bereziki sortzaileena eta hartzaileena. Transmisio katean begi. Lehen hiru egunetako eztandaren ondoren, korridoreak bisitariez mukuru, atzokoa lasaiago joan zen Landako gunean.

Landakok atzo erakutsi zuen irudia. Ondoan, Karmele Jaio, irribarretsu, liburua sinatzen. Etxeko txikienek ere badute zer aurkitua Azokan. Eskuinean, Amorante, kontzertu betean Plateruenan.
Landakok atzo erakutsi zuen irudia. Ondoan, Karmele Jaio, irribarretsu, liburua sinatzen. Etxeko txikienek ere badute zer aurkitua Azokan. Eskuinean, Amorante, kontzertu betean Plateruenan. (Marisol RAMIREZ-Gorka RUBIO | FOKU)

Karmele Jaiok laugarren eguna zuen “Maitasun kapitala” (Elkar) erostera hurbildu zaizkion jarraitzaileei liburuak sinatzen. Boligrafoa hartu eta eskuz mezu txiki bat idazten. Hauxe da literatur azoken liturgietako bat. Urtean zehar hitzaldiak eta azokak baliatzen ditu irakurleekin elkartzeko. Etxeko intimotasunetik jendetzara. Batzuetan hotza izan daitekeen sorkuntza prozesutik hartzaileen berotasunera. «Kontrastea handia da. Idaztea oso lan bakartia da. Berdin irakurketa. Nire intimitatean idazten dut, irakurleak bere intimitatean jasotzen du. Eta hemen bi intimitateak elkartu egiten direnez, momentu inportantea da. Bestela oso zaila da zure liburua irakurtzean irakurleak zer sentitu duen ala pentsatu duen jakitea. Bereziki aurreko lanak aipatzen dizkidate, berria irakurri gabe baitute».

ETENGABEKO ILARA

Aurten Jaioren irakurleen ilarak gora egin du nabarmen. «Etengabe ari naiz sinatzen. Asko etorri zaizkit nire aurreko liburu guztiak irakurri dituztenak. Sekulakoa da. Oso gustukoak dituztela eta espero dutela ‘Maitasun kapitala’-rekin ere gauza bera gertatzea; niretzat oso inpaktantea da».

Zaleen profila ere bertatik bertara ikus dezake. «‘Aitaren etxea’ idatzi nuenetik gizon gehiago gerturatu dira nire liburuetara. Aldaketa oso garbi nabaritu nuen, agian gaiarengatik. Oraingoan gaia denei zuzendua da eta gizonezkoek ere etortzen jarraitu dute. 50-60 adin tarte horretan daude asko, eta gazteak ere bai, horien artean gehiago neskak».

PERSPEKTIBA BERRIAK

Bulegok egunero izan ditu ilarak, sinaduraren eta argazkiaren zain. Nerabe eta gazte ugari Tomas Lizarazuren, Ruben Lizarralderen eta Xabi Arrietaren zain gaur.

«Oso gustukoa dugu Azoka. Izan ere, urte guztian zehar ez dugu izaten aukera gehiegirik jarraitzaileekin bertatik bertara hitz egiteko eta Azokak eskaintzen du horretarako aukera. Beraien istorioak entzutea dugu gustuko, kantuek ze oroitzapen ekarri dizkieten edo barruan zer piztu dieten entzutea. Guk eszenatokitik gauza bat bizi izan dugu, baina beraiek jarraitzaileen tokitik dagoen perspektiba ematen digute. Oso nekatuta bukatzen ditugu egunak, baina era berean oso aberasgarria da, bizipen ederrak entzuten ditugu», esan zigun Lizarazuk. Esne Beltzako kide berriak, Lova Loisek, bere lehen Azoka du salmahaiaren barruan. «Esperientzia oso ona ari da izaten», zioen. Proiektura taldearen azken txanpan gehitu izanagatik ere, pozik dago. Esne Beltza agur esatera doa. «Polita da, niretzat sekulako aukera da. Aurten sartu naiz eta kontzertu pila egingo dugu azken biran, festa erraldoia izatea nahi dugu. 2025ean izango da azken kontzertua eta kristoren jaia izango da», esan zuen.

HUNTZARI AGUR MEZUAK

Huntza ere agur bira betean dago. Azokari ere agur esango diote. Peru Altube eta Inhar Eskisabel aurkitu ditugu standean. Liburua jarri dute bertan, zaleek euren mezua idatz dezaten, ibilbidea amaitu aurretik. «Polita izango da idatzi dutena irakurtzea», diote. Penaz hartu dute jarraitzaileek taldearen amaiera. «Segitzeko esaten digute. Guretzako ere alde batetik pena da, baina egindako hamar urteek pisua dute gugan. Oso gazte hasi ginen eta hasieratik ibili gara topera, nekea eragiten du».

Chill Mafiako Flako Funkyrentzat kontzertuak ez dira abagunerik egokiena zaleekin hitz egiteko. «Nahiago dut giro lasaiagoa jendea ezagutzeko». Zaleen aldetik, denetariko mezuak.

«Batzuetan esker ona ematen digute, besteetan kritikaren bat ere jasotzen dugu; denak dira merezitakoak», onartu zuen irribarrez.

ALEX TXIKONEK EZIN

Alex Txikonek ere bere jarraitzaileei aurrez aurre aurkeztu nahi zien, online bidez bazen ere, “Manaslu neguan” liburua. Baina ez zen posible izan. 16.04 ziren bizkaitar alpinista pantailan agertu zenean Landakoko areto nagusian. Annapurnatik zuzenean. Aklimatazio fasean da bertan, igoeraren saiakera egin aurretik. 3000 metrotan daude uneotan. Berehala desagertu zen irudia, hitzik egin aurretik. Teknologia ez zuen lagun izan. Sua argitaletxekoek B alternatiba prest zeukaten. Bideoz Txikonek azaroan Elkarreko Bilboko dendan grabatutako hitzak entzun ziren aretoan. «Beti hartu behar izaten diogu aurrea gerta daitekeenari, oraingoan ere bai». Liburuaz, zera esan zuen: «Liburu borobila da. Oso gustura geratu naiz, pasarte politak biltzen ditu. Mendian ni baino adituagoa denik izango da Azokan, baita literarioki ere trebatuagoak direnak ere, gu ez baikara idazleak, baina ekarpena egiten diogu gure kulturari eta hizkuntzari». Alpinistak erdaraz idatzi eta euskarara ekarria da argitalpena. Hori bai, hurrengoa euskaraz sortuko duela agindu zuen Txikonek.

Etxeko txikienek ere badute zer aurkitua. Landakon txoko berezia dute aurtengo haur literaturako nobedadeek. Lurrean eserita aurkitu ditugu umeak, begiak zabal-zabal, orri artean gustura, inguruko saltsatik abstraituta. Haize Badiola bere alabekin dago. «Haurrak txikiagoak zirenean gehiago etortzen ginen Saguganbarara, espazio handiagoa izanik lasaiago egoteko aukera ematen baitu. Baina nobedadeak hemen daude. Berria zer dagoen ikus dezakezu, liburua hartu, ikusi...», kontatu zuen.

Urtero etortzen da Azokara Ondarroatik. «Txikiak izan aurretik egiten genuen eta ondoren ere bai. Oso irakurleak dira alabak».

Plateruenan, musika eta literatura festak ez du atsedenik. Amorante, Leihotikan, Rukula, Feline eta Ibil Bediren txanda izan zen atzo Ahotsenean. Aipatzekoa, Leihotikan taldearekin batera, abesti batean, Gorka Urbizu igo zela agertokira gitarra eskuan. Berak hartu du ekoizpenaren ardura, Gor diskoetxearen itxierak bultzatuta autoekoizpenean ondu baitu taldeak lan berria.