Historia klinikoa euskaraz
Historia klinikoa euskaraz? Bai, horixe», dio paziente euskaldunen gaineko ohar klinikoak gaztelera hutsean idazten dituen zerbitzuko medikuak. Bai ba, Itzulbide izeneko itzultzaile neuronalari esker. Ez dugu oraindik ikasi: historia klinikoa euskaraz idazteko bi gauza baino ez dira behar; osasun langilea izatea eta euskaraz jakitea. Ez dugu itzultzaile automatikoaren beharrik horretarako..
Itzultzaile automatikoa, euren lotsak estaltzeko eta beldurrak arintzeko besterik ez da; izan ere, boterea dutenen onespena jasotzeko sortua baita. Itzultzaile automatikoak zera esan nahi du; erdaldunen baimena behar duzula, euskaraz lan egiteko.
Oker dabiltza bai batzuk bai besteak. Izan ere, osasungoan euskaraz lan egiteko bost gauza dira beharrezkoak, bost zutabe nolabait.
Lehenbizi, ordenagailuekin lan egiten dugunez, aplikazio informatikoak euskaraz eduki behar ditugu. Historia klinikoa euskaraz idazten genuenok horrela eskatu genuen 2012an. Orain Osabide, gure lan tresna, euskaraz eskura daukagu. Bigarren, eskatzen ditugun proba diagnostikoen emaitzak eta txostenak euskaraz behar ditugu. Odol eta gernu analisien emaitzak euskaraz jasotzea eskatu genuen Arrasaten duela urte asko eta, egun, euskaraz dauzkagu eskura.
Irudi-proben txostenak euskaraz guztiontzat eskatu ditugu hainbat aldiz, alferrik, oraindik ere gaztelaniaz baitatoz. Eta hau galdutako aukera da, guztiz garrantzitsua, gure ustez, beste zutabe bat izaterainokoa. Batetik, beste zutabeekin batera euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izatea ahalbidetzen duelako. Bestetik, langile erdaldunak euskara naturaltasunez ikustera ohituko dituelako. Irakatsiko.
Beste zutabea kode etikoak eta harrera protokoloak lirateke. Hau da, gure erakundeak euskaraz lan egiteko eskubidea aitortzea, euskaraz lan egiten dugunak errespetatuak izatea eta horregatik jazarpenik ez jasotzeko bermea ematea. Egun, zoritxarrez, gertatzen ez dena.
Baina hau guztia eskura izatea ez da nahikoa izango, erdaldunek 31 eskutik daukatenean. Esan gabe doa euskararen gaia etengabeko prestakuntzan txertatu behar dela, langileak kontzientziatzeko, besteak beste. Horretan ari gara azken urteetan, udako ikastaro, graduondoko eta argitalpenen bitartez. Egunen batean plagiatzaileren batek aprobetxatuko du besteek egindako lana, ardura hori gainean hartzeko.
Baina hau guztia ez da nahikoa izango, ezta itzultzaile automatikoa ere, berariazko euskarazko zirkuitu protokolizatuak ezartzen ez badira. Horrela ez balitz, euskarazko arreta ausazkoa izango da eta, horrenbestez, paziente eta langile euskaldunen segurtasuna jokoan egongo da. Zirkuiturik gabe itzultzaileak ez dauka ez hanka ez buru.
Bitartean, batzuk itzultzaile automatikoa babesten ari dira euren burua zuritzeko. Itzultzaileari bai, baina euskaraz lan egiten dugunoi ez digute inolako babesik ematen. Aramaion euskaraz egiten dugu, ahozko zein idatzizko harremanetan, eta erasoak ez dira eteten. Bai langile erdaldunen bai euskaldunen aldetik. Zuzendaritzaren babesik gabe. Lankideen isiltasun konplizearekin. Kalean uso, euskararen alde daudela dioten horiek, etxean otso direlarik.
Gure mespretxua horiei guztiei. Guk euskaraz idazten jarraituko dugu, itzultzaile automatikoari itxaron gabe. Bitartean, hainbat mediku euskaldunek azaldu beharko diete lagunei, etxekoei, zergatik ez duten historia klinikoa euskaraz idazten. Etorriko dira noizbait argazkia ateratzera, euren dominak zintzilik. Bai, lagunak, historia klinikoa euskaraz posible da. Has zaitezte behingoz.