GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaporeak-ek egunero 3.000 errefuxiaturi jaten ematen dio

Dagoeneko 3.000 errefuxiaturi jaten ematen dio Zaporeak proiektuak egunero. Taldeko ordezkariek adierazi zuten, hala ere, zenbait errefuxiatuk ez duela janaririk eskuratzen. Abenduko egitaraua aurkeztu zuen elkarteak atzo, elkartasunez beterik.

Zaporeak-ek abendurako egitaraua prestatu du. (Iñigo Uriz | FOKU)

Zaporeak proiektuak elikagai kontainer bat kargatu zuen atzo eta Lesboserako bidean abiatu zen. Elikagaien zamatze eguna baliatu zuten orain arteko datuen balantzea egiteko eta datozen egunetako egitasmoen berri emateko.

Grezian jarraitzen du Zaporeak proiektuak, eta kontatu zuten Lesbosen egunero 3.000 errefuxiaturi jaten ematen jarraitzen dutela, 2015az geroztik «janari duineko» bi milioi anoa baino gehiago prestatu eta banatu dituztela, eta hori egin ahal izateko 1.500 boluntariok baino gehiagok parte hartu dutela.

Duela zenbait hilabete iragarri zuten sukaldean beraien «mugak gainditzen» ari direla astero, Lesbosko sutegiek prestatu dezaketen janariaren gehienezko gaitasunera iritsi direla, baina oraindik errefuxiatuak elikagairik gabe geratzen direla.

Hori dela eta, alternatiba batzuk pentsatzen ari direla aurreratu zuten, eta abenduan egingo dituzten ekitaldien berri eman zuten.

ABENDUA ELKARTASUNEZ BETETA

Abendu osoan barrena, ibai ondoko pasealekuan dagoen Gabonetako merkatuan Zaporeak proiektuaren produktu guztiak bilduko dituen etxola bat izango dute.

Abenduaren 15ean, ostiral arratsaldean, «elkartasun eguna» ospatuko dute, pintxo-potearekin, 18.00etatik 21.00ak bitarte.

Abenduaren 16an, larunbat goizean, Garberan, Ogi Berri eta Zabaletarekin batera, «gastronomia eta elkartasuna uztartuz», ekitaldi solidario bat egingo dutela aditzera eman zuten Zaporeak proiektuaren ordezkariek. Abenduaren 19an afari solidarioa egingo dute Union Artesana elkartean, 20.00etan, beste zenbait elkarterekin batera. Besteak beste, bertan izango dira Jakitea, Cebanc, Eurotoques, Interlan, Mahaia kolektiboa eta Hazi.

Urtea amaitzeko, abenduaren 21ean, urtero legez, San Tomas egunean izango dira, eta postua Gipuzkoa plazan izango dute.