GARA
BAIONA

Bil Gaiten-ek eztabaida giroa berotu du Euskal Elkargoaren kontseiluan

Euskal Elkargoaren kontseiluan eztabaida bizia piztu dute, alde batetik, igandeetako lanari buruz erakundeko zuzendaritzak babesturiko proposamenak eta, bestetik, haurtzaindegi elebidunen sarea sustatzeko xedez, Bil Gaiten taldeak defendaturiko mozioak. Lehen aldiz zuzenketa bat babestu dute kontseilariek.

Ipar Euskal Herriko erakundearen kontseilua abenduaren 9an bildu zen Baionako Arteen Hirian.
Ipar Euskal Herriko erakundearen kontseilua abenduaren 9an bildu zen Baionako Arteen Hirian. (Patxi BELTZAIZ)

Jean-Rene Etchegaray lehendakariaren ustez «hedabideen presentziak» azalduko luke Euskal Elkargoak abenduaren 9an eginiko kontseilua markatu duen eztabaida maila handia. Izan ere, joan zen urteko abenduan eratu zen Bil Gaiten taldeak sustaturiko ekimen batek, haurtzaindegi elebidunak sustatzearen aldeko proposamenak hain zuzen, ezohiko egoera sortu zuen.

Jatorrizko proposamenari zuzenketa aurkeztu zion hamarnaka ezkerreko hautetsi abertzale bere barnean biltzen dituen taldeak eta ekimenak arrakasta izan zuten. Hala, zuzendaritzan adostutako proposamenari aurkezturiko mozioa aurrera atera zen.

«Elkargoaren esku diren haurtzaindegien funtzionamendu araudi berriaren onespena» leloa zuen punturi buruzko eztabaida Egoitz Urrutikoetxeak zabaldu zuen, Bil Gaiten taldearen izenean «haurtzaindegien labelizatzea orokortzea» proposatu zuenean. Zuberoako hautetsiak defendatu zuenez, hori baita modurik eraginkorrena «haurren euskarazko eta gaskoierazko harrera elebidun eta murgiltzaile bat bultzatzeko».

Proposamenaren funtsarekin oro har ados izan arren, Bil Gaitenen egitasmoak Konstituzio frantsesaren 2. artikuluarekin talka egingo zuela ohar egin zuen Euskal Elkargoko buruak, Urrutikoetxeari erantzunez.

Bilerari buruzko bilduman, Mediabask.eus atariak jaso duenez, bere ezinegona agerian utzi zuen Etchegarayk, esanez «ez gara Euskal Elkargoa tribuna politiko gisa erabiltzeko, bertan dagoen prentsaren interesa sortzeko».

Ipar Euskal Herriko erakundean hizkuntza politikako arduradun den Antton Kurutxarrik erredakzioa aldatzea proposatu zuen irtenbide gisa. Finean hau da Arteen Hirian eginiko bilkuran onespena bildu zuen proposamena: «Euskal Herriko biztanle guziei hautatzeko aukera eman, Elkargoko haurtzaindegi guzietan harrera eskaintza elebidun bat sustatuz». Horrek ahalbidetu zuen bozketara pasatzea. Finean 164 kontseilarik zuzendutako mozioaren aldeko botoa eman zuten, 24k abstentziora jo zuten eta lauk errefusatu zuten.

Lehen aldia da, 2017ko urtarrilean Euskal Hirigune Elkargoa eratu zenetik, zuzendaritzatik ez datorren mozio batek kontseilarien gehiengoaren sostengua jasotzen duela.

IGANDEETAKO LANAREN AUZIA

Edonola ere, haurtzaindegi elebidunak sustatzeko egitasmoa ez zen izan larunbatean Baionako Arteen Hirian iragan zen bilkuran ika-mika sutsua eragin zuen gai bakarra.

Espero zenez, igandeetako lanaldiari buruzko egitasmoak ere eztabaida handia sortu zuen. Euskal Elkargoko Gobernuaren izenean Sylvie Durrutik defendatu zuen bost igandetatik hamabi igandetara luzatzeko saltokiak irekitzeko salbuespena. Hautetsi baionarrak azaldu zuenez, Donibane Lohizune, Baiona, Angelu eta Biarritzetik eskaera jaso ostean babestu du erakundeak «hiri horietan bakarrik» heldu den urtetik landa indarrean sartuko den neurria.

Bil Gaiten taldeko Gilles Haranek arbuiatu zuen egitasmoa, oroitarazita «lan egiten duen jendeak ez duela gogoz egiten, egoera ekonomiko prekarioak hala aginduta baizik». Neurria kritikatu zuten Mixel Esteban Baionako ezkerreko oposizioko hautetsiak eta Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak ere.

Finean, egitasmoa aurrera atera zen. 86 kontseilari horren alde azaldu ziren eta 59, ordea, kontra. Eta 22 abstentzio zenbatu ziren, lana eta bizitza orekatzeko beharrak pizten duen eztabaida handia irudikatu zuen bozketan.