Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Itzulera

Nire herrialdera itzuli behar dut, nire jendearekin, jolastu nintzen eta fruiturik gozoenak dastatu nituen lurraldera, hazi eta hezi ninduen familiarekin. Bai, hemen erregea naiz, baina nola ahantzi nire lurraldea?, zertarako erregea izan nire lurraldean ez banago?, eta nire herrialdea da daukadan gauzarik onena». Horixe pentsatzen zuen As-Satir Hasanek, Herrialdeak bere jendea aldarrikatzen du jrefiyye palestinarraren protagonistak.

Jrefiyyeak palestinar ahozko tradizioaren ipuinak dira. Munduan beste leku askotan bezala, palestinarren ipuinak beste mundu posible bat irudikatzen dute, fantasia lagun. Baina, batez ere, palestinar herriaren altxorra dira jrefiyyeak. Eta munduko beste kulturetako ipuinetan bezala itzulera dute muinean, heroiaren/protagonistaren etxerako itzulera. Izan ere, izan ginen hartara itzultzea, gure lekura, gure oroimeneko portura, ahozko ipuinen ardatzetako bat da.

Herrirantz abiatu aurretik, As-Satir Hasanek bere bidaian atseden lekua eskaini dion atsoari esango dio: «Herrialdeak bere jendea deitzen du, nik ezin dut nire herrialdea ahaztu». Abentura arriskutsuak pasatu ondoren, «itzuli zen bere herrialdera, inoiz ahaztu ez zuen hartara, eta bertan bizi izan zen zoriontsu eta pozik».

Egun, Gazako palestinarrei As-Satir Hasanen itxaropena ere akabatu nahi diete.