GARA
BILBO

Zornotzako hilerrian 51 gudulariren gorpuzkiak aurkitu dituzte

Joan den astean Zornotzako hilerrian topatutako hobian egindako desobiratze lanetan 51 gorpuzki aurkitu zituzten, 1936ko Gerrako gudari eta milizianoenak.

Asteartean aditzera eman zuten 25 bat zirela ordura arte aurkitutakoak, baina seguruenik gehiago aurkituko zituztela, eta halaxe izan da. Gogora Institututik DNA lagina aurkeztea eskatu diete Zornotza inguruan desagertu zela uste duten senideren bat dutenei, gorpuen identifikazioa errazte aldera, gogora@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 944032845 telefonora deiturik harremanetan jarrita.

Desobiratze lanak hilerriko eremu zehatz batean egin dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, dokumentazio historikoaren arabera, bertan gerran hildako pertsonak lurperatuta zeudelako. Esku hartze hori Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen “Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko” programaren barnean dago. Identifikazio genetikoak EHUko Biomics laborategiarekin egiten dituzte.

Hobi desberdinak aurkitu zituzten Zornotzako hilerrian. Gudari eta milizianoak ziren denak, jantzien erreparatuta ondorioztatu zutenez.

Gizon gazteak ziren asteartera arte aurkitutakoak, Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoaren arabera. Halaber, bi identifikazio txapa ere aurkitu zituzten.

Zientzia Elkarteko adituen arabera, hipotesi nagusia da Zornotzatik gertu izandako gerra fronteetan hildakoenak direla gorpuzkiak, adibidez Bizkargin hildakoak, bai eta Zornotzako ospitale militarrean ere.