GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPAKO ZOZKETA

Eibarren eta Athleticen arteko euskal derbia Ipuruan final-hamaseirenetan

Alavesek Betis hartuko du Mendizorrotzan, Osasunak Castellon jokatuko du eta Realak Malagaren zelaian. Bestalde, Amorebietak Celtaren kontra neurtuko ditu indarrak Urritxen. Urtarrilaren 6 eta 7an jokatuko dira kanporaketak partida bakarrera.

Txema Añibarro eta Muniain, Eibarrek eta Athleticek 2012an San Mamesen jokatutako kanporaketan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kopako hirugarren kanporaketarako zozketa egin zuten atzo eguerdian Madrilen eta euskal derbi bat suertatu da final-hamaseirenetan; hain zuzen ere, Ipuruan jokatuko da eta Eibar eta Athletic jarriko ditu aurrez aurre. Talde zuri-gorriak Sevillan jokatu beharra dauka urtarrilaren 4an; beraz, igandean jokatuko zela ematen zuen hasieratik, eta halaxe izan da datak behin zehaztuta: urtarrilaren 7an, 19.00etan.

Athleticeko jokalari ohi izandako Andoni Goikoetxea eta Eibarren atezaina den Yoel izan dira zozketan bi taldeak aukeratu dituztenak. Jose Angel Iribar eta Athletic ere omendu dituzte 125. urteurrena dela-eta.

Eibar eta Athletic Kopako kanporaketa batean lehiatuko diren laugarren aldia izango da. Azkena 2012an izan zen eta armaginek irabazi zuten. Hamaika urte bete ziren atzo, hain justu. Bigarren B Mailan zegoen Gaizka Garitanok zuzentzen zuen taldea eta Bielsaren Athletic kanporatu zuten. Hutsean amaitu zen Ipuruan joaneko partida eta bana egin zuten San Mamesen. Mikel Arruabarrenak penaltiz aurreratu zuen Eibar bigarren zatian eta Adurizek berdinketa egin zuen azken minutuetan. Garitanoren gidaritzapean Lehen Mailara iritsi zen talde hori bi maila jarraian igoz. Kaleratzea kolpe latza izan zen Athleticentzat. Hala ere, Bielsak argi utzi zuen partidak ondo prestatu zituztela eta bere taldeari buruzko txostena helarazi omen zion Garitanori.

AURPEGI EZAGUNAK

Eibarrek, Bigarren Mailara jaitsi zenetik, ez du partida ofizialik jokatu azken bi urteetan Athleticen aurka. Hala ere, azken denboraldiaurrean elkarren kontrako adiskidantzazko norgehiagoka jokatu zuten Sestaon. Berdinketarekin amaitu zen, eta Martonek eta Mario Sorianok egin zituzten golak.

Aurpegi ezagun ugari elkartuko dira Ipuruan. Bi taldeen arteko hartu-emana oparoa izan baita aspalditik. Hasteko, Joseba Etxeberria eta Ernesto Valverde izango dira aulkian. Jokalari zein entrenatzaile gisa batera lan egindakoak. Gainera, antzeko joko estiloa daukate. Valverdek derbiak beti direla jokatzeko zailak aipatu zuen, aurkaria ezagutu ostean egindako adierazpenetan. Aurkari gogor baten kontra neurtuko dituztela indarrak esan zuen eta kanporaketa «polita» izango dela. Aldi berean, Ipuruara ilusioarekin eta «lehiatzeko» gogoz joango direla azpimarratu zuen, eta Kopan ahalik eta urrunen heltzea dela helburua gaineratu.

Esan bezala, harreman estua dago bi taldeen artean eta Athleticen harrobitik igarotako zenbait jokalari daude armaginetan: Ager Aketxe, Arbilla eta Yanis Rahmani. Unai Vencedor ahaztu gabe, Athleticek lagata utzitako jokalaria baita. Athleticen ere, besteak beste, Eibarren kamiseta defendatu duten Imanol, Nolaskoain eta Dani Garcia daude.

BESTE TALDEAK

Zeresana emango duen beste norgehiagoka bat Alavesek eta Betisek Mendizorrotzan jokatuko dutena izango da. Lehen Mailako bi talderen arteko kanporaketa bakarra da eta andaluziarrek Kopa irabazi zuten 2022an. Etxean jokatzearen abantaila alde izango dute gasteiztarrek.

Zorte hobea izan dute Lehen Mailako beste euskal taldeek. Osasunak Castellon estreinatuko du aurten Kopako ibilbidea. Iaz finalera iritsi ondoren, Superkoparako sailkatu zen, eta ez ditu lehen bi kanporaketak jokatu behar izan. Lehen Federazio mailako aurkaria egokitu zaio. Hala ere, kontuan izan behar da bere multzoko lehen postuan kokatuta dagoela eta igotzea dela bere helburua.

Maila eta multzo bereko aurkaria izango du Realak. Txuri-urdinek Malagaren zelaian jokatuko dute. Andaluziarrak ere sailkapeneko goiko postuetan kokatuta daude. Aldi berean, Barakaldo kaleratu zuten Lasesarren penalti jaurtiketan erabaki zen lehen kanporaketan. Realean aritutako Luca Sangalli erdilariak poztasunez hartu du kanporaketa, baita Malagako kirol zuzendaria den Loren Juarros txuri-urdin ohiak ere.

Bestalde, Amorebietak Celta hartuko du Urritxen. Zornotzako taldea gogotsu dago bere zaleen aurrean etxean jokatzeko. Izan ere, Bigarren Mailako partidak Lezaman jokatu behar ditu. Galiziarrek, aldiz, talde bizkaitar baten kontra neurtuko dituzte indarrak berriro. Azkenengoan, Sestao River gainditu zuten Las Llanasen epaileak bakarrik ikusi zuen penalti bati esker.