Xabier ELIZALDE, Aingeru EZKERRA, Gotzon GARMENDIA, Pilar PINGARRON eta Juan Maria SANSINENEA
Donostiako Genozidio Frankistaren Biktimen Elkartearen kideak
GAURKOA

Frankismoaren errepresaliatu baten bizitza latza: Pepi Berasategirena

Donostiako faxisten sarrerarekin, 1936ko irailaren 13an, mota guztietako krimenen Pandoraren kutxa ireki zen. Horren lekukoa da Goikoa Jauregiaren aurrean aurkitzen den monumentua, zeinak 400dik gora hilketez hitz egiten digun. Horietako bat, Hipolito Berasategi Alcalderena izan zen, Pepi Berasategiren aita, une horretan Donostiako Lizarriturry fabrikan lan egiten zuena, ezkondua eta bi seme-alabaren aita.

«Por Dios y por España» deiadarra ahoan zuten horiek ez zuten denbora asko galdu Donostian bizi ziren, hiria hustu ez zuten eta aurretik kontuak zituzten horiekin kontu horiek doitzeko. Donostia izan zen, ezagutzen denez, toki bat non uztailaren 18ko estatu kolpeak porrota jasan zuen eta, dudarik gabe, inguruabar horrek eragin zuzena izan zuen frankistek hiriaren okupazioaren atzetik antolatu zuten errepresioan.

Hipolito Berasategi izan zen errepresio hori jasan izan behar zuen horietakoa. Berez, Hipolito ez zen nabarmendu bere aktibitate politikoarengatik. Ezkerreko gizona zen, hori bai, baina teorian ez zuen beldurra izan behar frankisten aurrean. Baina ez zuen kontuan hartu kasu hauetan larria izan zitekeen arrisku handi batekin: inbidiek bultzatutako salaketekin. Hipolitoren emaztea eta gainontzeko senideak Hipolitoren atxiloketa eragin zuen pertsona ezagutzera iritsi ziren, izen eta abizenez. Garai haietan zigorgabetasun osoko salaketak sarituak ere izaten ziren, eta askotan salatzaileek lau haizeetara aldarrikatzen zituzten beren balentriak.

Hipolito, faxisten sarreraren hurrengo hilabetean, 1936ko urrian, lan egiten zuen fabrikan Guardia Zibilak atxilotua izan zen eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Han, errepresio frankistako kasu hauetan ohikoa izan zenez, azaroko egun batean, bere emazteari, preso zegoenari eguneroko janaria eramaterakoan, presoa «askatua izan zela» esan zioten. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagunak izan ziren «askapen» horien benetako esanahiak. Hipolito ez zen berriro azaldu eta bere familiak azkar onartu izan behar zuen errealitate gordina: Hipolito eraila izan zela jada.

Hortik aurrera, «gorri-separatistei» erreserbatua izan zen kalbario latz bat ezagutu behar izan zuen Hipolitoren familiak. Pepi Berasategik ondo kontatzen zuen ibilbide hori, mespretxuak, diskriminazioak, familia aurrera eramateko zailtasunak, hildakoaren anaiaren (ideologia frankista zuen fraidea) gorrotoa eta hilketa honen aurrean honek erakutsi zuen hoztasuna. Fraide honek esan zien ziur aski Hipolitoren gorpua ez zutela inoiz berriro ikusiko. Garai hartako frankismoaren aurrean Eliza katolikoak edo honen zati handi batek izan zuen jarrera onartezinaren beste adibide bat. Errepresio basati honetako beste alde bat kontatzen zigun Pepi Berasategik: hizkuntzaren errepresioa. Pepi eta bere senideak garai latz horretan harro sentitu ziren beti bere euskalduntasunaz, eta Donostiako Genozidio Frankistaren biktimen elkartean (bera izan zen urte askotan presidentea) berarekin lanak partekatu ditugunok asko baloratu dugu Pepiren alde hau: kriminal haientzat eta, gaur egun ere, haien ideologia partekatzen dutenentzat, adibidez «Espainia hausten dela» gaur egun aldarrikatzen dutenentzat, euskara zen eta da elementu defentsibo eta asimilaezina den identitate baten adierazle bat.

Denbora pasatu ahala eta Memoria Historikoaren inguruko taldeak antolatzen hasi zirenean, Pepik oso garbi izan zuen hasieratik mugimendu honen beharra, eta Donostiako taldean, Avicge elkartean sartu zen, bera presidentea izateraino. Garai haietan Pepik kontatzen zuen Donostiako alkate Odon Elorzaren aroa, eta alkate honen errefusa frankismoaren aldeko biktimen monumentu bat egiteko. Kuriosoa da ikustea Espainiaren batasunaren kontra -ETA hain zuzen- borrokatu zirenen biktimek bazuten bere omenezko monumentua, baina ez Espainiaren batasunaren alde -frankistek- borrokatu zutenen biktimek. Azkenik, Donostiako alkate abertzale baten (Juan Karlos Izagirre) etorrera itxaron behar izan genuen, frankismoaren biktimen behar eta nahi hori aserik ikusteko, Goikoa Jauregiaren aurrean dagoen monumentua, hain zuzen. Hori egin zenean, Pepirentzat (eta hainbeste errepresaliatuen senideentzat ere) egun handi bat izan zen. Lehenengo aldiz ikusten zuten eraildako senideen izenak plaka batean, Donostiako toki publikoan idatzita.

Azkenik, Hipolito Berasategiren gorpuzkiak aurkituak izan dira. Zoritxarrez, une hau ez dute biziko ez Hipolitoren emazteak, ezta bere seme Felipek ere, hauek hilda baitaude dagoeneko. Edo Hipolito ezagutu zuten senideek eta lagunek, arrazoi biologikoengatik aspalditik hilak. Baina bai Pepik. Donostiako Frankismoaren Biktimen elkartean Pepi ezagutu dugunok ezagutu dugu, ondo ezagutu ere, bere bultzada, kuraia eta kemena, eta une honetan esan nahi dugu: eskerrik asko, Pepi, erakutsitako ereduarengatik! Eta zurekin nahi dugu partekatu, zure aitaren gorpuzkiak jasotzerakoan penarekin batera, dudarik gabe sentituko duzun poz hori.