GARA Euskal Herriko egunkaria
BEGIRADA

Judu komunitatearen kontrako erasoa Parlamentuan


Grzegorz Braun legebiltzarkideak Poloniako Parlamentuan kaosa eragin zuen atzo, instituzioaren egoitzako sarreran Hannukah ospakizun juduaren harira jarri berri zuten menora handia su-itzalgailu batekin itzaliz. Konfederazioa izeneko alderdi ultraeskuindarreko kidea da Braun, bere jarrera antisemitarengatik ezaguna. Herrialdeko alderdi politiko nagusiek eta Donald Tusk lehen ministro berriak erasoa gaitzetsi zuten eta Fiskaltzak frogak biltzen ari dela adierazi zuen. Komunitate juduaren kontrako ekintza arrazista onartezina izan zen eta ñabardurarik gabeko salaketa merezi du, baita zigorra ere. Gogoratu behar da Bigarren Mundu Gerran naziek Polonian hiru milioi judu hil zituztela, bertako komunitatearen %90a.