IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Annie Ernauxen «Emakume izoztua» euskaraz, Lopez Las Herasen eskutik

Annie Ernauxen “Emakume izoztua” euskaratu du Gema Lopez Las Heras itzultzaile azkoitiarrak, Jokin Zaitegi lehiaketa irabazi ostean. Euskaraz eman den Ernauxen seigarren lana da, eta bere bizitzari atzera begiratua emateko ariketa egiten du idazleak, jaioterritik zergatik alde egin zuen ulertzeko ahaleginean.

Donostian aurkeztu zuten «Emakume izoztua» liburua.
Donostian aurkeztu zuten «Emakume izoztua» liburua. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bi sari gurutzatu dira euskarazko “Emakume izoztua” liburuan. Batetik, 2022an Annie Ernauxek Literaturako Nobel saria irabazi zuen; eta bestetik, Gema Lopes Las Herasek Jokin Zaitegi beka irabazi zuen kultura unibertsala euskarara ekartzeko; hain zuzen ere, Literaturako Nobel saria irabazitakoen lanak itzultzeko saria da. Atzo aurkeztu zuten “Emakume izoztua”, Donostian.

Itzuli berri duena Ernauxen lanik osoena da, Lopez Las Herasen ustez; izan ere, Ernauxen beste hainbat lan gai zehatzen ingurukoak badira ere, kasu honetan 30 urtera bitarteko bere bizitza kontatzen du, eta, ondorioz, hamaika gai lantzen ditu ibilbide horretan zehar. Itzultzaileak esan zuen barne gatazka bat duela liburuak oinarrian: «Berak nahi du emakume aske eta burujabe bat izan, baina beste alde batetik gizartearekin bat egin nahi du, inguruan dabilen korronte sozial orokorrarekin edo joerarekin. Bidegurutze horretatik nola atera ez dakiela igarotzen du nobela osoa».

Lopez Las Herasek Ernauxen bizitza eta lana ongi ezagutzen dituela ikusi zen aurkezpenean, eta, datu pertsonalez harago, iazko Nobel sarien banaketa ekitaldian esandakoak ere ekarri zituen gogora: «Ernauxek kontatu zuen idazten hasi zela bere jaioterritik zerk urrundu zuen ulertzeko». Izan ere, landa eremuko familia langile bateko alaba da, baina bertatik urruntzeko beharra sumatu zuen gerora.

"Emakume izoztua" liburua idatzi zuenean 30 urte zituen Ernauxek, ezkonduta zegoen, bi semeren ama zen eta irakaskuntzan lan egiten zuen. Askoren ustez bizitza ona izan arren, «etxean kaiolatuta» bizi zen sentsazioa zuen, «bakarrik ama, emazte eta etxekoandre zen sentipena», zehaztu zuen itzultzaileak. Atzera begirako ariketa bat egiten du idazleak, eta bere buruari galdetzen dio, «nola bihurtu naiz horrenbeste gorrotatzen ditudan emakumeak bezalakoa?».

Horraino nola iritsi den hausnartzea da liburuaren bizkarrezurra, eta gai ezberdinak lantzen ditu egileak bidaia horretan: «Genero rolak, sexualitatea, ama izateak suposatzen duena, gizartearen presioak sortzen dizkion barne-gatazkak».

LABANKADAZ BETETAKO ESALDIAK

Estiloari dagokionez, «soila, apaindurarik gabea, esaldi motzekin osatua, neutroa» da, Lopez Las Heras itzultzailearen arabera. Hala ere, gerora hain ezaguna egin den «idazkera ernauxtarra» oraindik ez dela ageri aitortu zuen; «oraindik sentimenduak azaltzen ditu, ez da hain neutroa». Lan hau idazkera horren giltzarri izan zela zehaztu zuen, hurrengo liburutik aurrera hasi baitzen idazkera horretan sakontzen.

«Esaldi lehor eta labankadaz betetakoak» aurkituko ditu irakurleak, itzultzailearen iritziz, bere egia kontatzeko ahalegina sumatzen baita lan osoan zehar, «berak bizitakoaren konstantzia gal ez dadin». Lopez Las Herasek aitortu zuen ez dela irakurketa arina, ezta erraza ere, eta patxadaz irakurri beharrekoa dela: «Oso modu zuzenean baina desordenatuan dago idatzita, itzulingururik gabe». Irakurleari akaso hasieran kostatuko zaion arren Ernauxen estilora berehala ohituko dela esan zuen itzultzaileak.

Itzulpenari dagokionez, «erronka handia» izan dela aitortu zuen, hasieran uste zuen baino zailagoa izan omen da: «Estilo bizi eta kaotikoa euskarara ekartzea zaila izan da». Euskarara itzulitako Ernauxen seigarren lana da Elkarrek argitaratu berri duena.