GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Oldarraldi judiziala, entzungor eta itsututa


EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Laudioko Udaleko bitarteko langile bat hizkuntza eskakizunik ez eduki arren berriz hartzera behartzen duen ebazpen polemikoa. Atzera bota du, beraz, haren kontrako helegitea, Gasteizko auzitegi batek eman zuen argudio nagusia ontzat jota. Langileak 45 urtetik gora izatea berriz onartzeko arrazoi nahikoa dela dio. Legeak dioenez, adin horretatik gorako funtzionario titularrek ez dute euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharrik; hala ere, epaiak bere interpretazioarekin zabaldu egiten du salbuespen hori, bitarteko langileei ere aplikatu beharrekoa dela ebatziz.

Langile horren kontratuak aurreikusten zuen lanpostu horretarako betekizunak konplitu ezean hura utzi behar izateko posibilitatea, eta horixe argudiatu zuen Laudioko Udalak bere helegitean, baina legeak aitortzen ez duen eskubidea aitortzen dio epaileak langileari. Euskararen eskakizunari dagokionez, langile horrek nahi zuen lanpostuak betekizun batzuk ditu, dagokion zerbitzua behar bezala eskaintzeko, eta horiek betetzen ez dituen langilea ez da lanpostu horretarako gai. Uste izatekoa da lanpostu baterako ingeniaritza gradua behar duen lanpostua edonork ezin eskuratzea logikotzat joko luketela epaileek. Laudioko langile horren lanpostuaren betekizunetako bat ingeles eskakizuna dela-eta sortutako auzia balitz, emango ote lituzkete horrelako ebazpenak?

Euskararen normalizazioaren aurkako epaiak pilatuz doaz, eta horregatik atera ziren dozenaka mila lagun Bilboko kaleetara joan den azaroan, oldarraldi hori salatzeko, euskal jendartearen haserrearen erakusgarri. Euskararen normalizaziorako neurriak gaztelania kaltetzen dutela ere esaten dute epai horiek; gaztelania hizkuntza normala dela eta euskara ezin dela normala izan, alegia, eta normala dela gaztelaniak behar ez duen defentsak euskarari kalte egitea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi berri duen epaiak esan zuenez, euskara munduko hizkuntzarik zailenetakoa da. «Argudio» horretan sartu gabe, edozein hizkuntza ikastea baino gauza zailagoak badaude; esate baterako, oldarraldi judizial horren epaiak ulertzea, haien bultzada erraz asko ulertzen bada ere.