IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Bortxaketa: amodiozko istorio bat» eleberriaz, Oates lehen aldiz euskaraz irakurgai

Xabier Olarrak euskaratu du «Bortxaketa: amodiozko istorio bat» eleberria, Igela argitaletxearekin. Joyce Carol Oates idazle estatubatuarraren lana lehen aldiz irakurri ahalko da euskaraz.

Olarrak euskaratu du Oatesen «Bortxaketa: amodiozko istorio bat» eleberria.
Olarrak euskaratu du Oatesen «Bortxaketa: amodiozko istorio bat» eleberria. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Igela argitaletxearen eskutik iritsi da euskarara Joyce Carol Oates idazle estatubatuarra. Xabier Olarra izan da Oates euskaraz «estreinatu» duena “Bortxaketa: amodiozko istorio bat” eleberriarekin. Talde bortxaketa bat kontatzen du eleberrian. Ameriketako Estatu Batuetako justizia sistemari kritika egiten dio liburuan zehar.

Euskaraz oraindik irakurtzeko aukerarik izan ez bada ere, ehun liburutik gora idatzita ditu Oatesek (New York, 1938), eta behin baino gehiagotan egon da Literaturako Nobel Sarietara izendatuta. Atzo Donostian egindako aurkezpenenean, gai anitz lantzen dituela azaldu zuen Inazio Mujika Igelako kideak: landa eremuko pobrezia, klaseen arteko tentsioa, emakumeen aurkako bortxa, boterea eta lehia, arrazen arteko gatazka… «Eta horiek guztiak zeharkatuz, haurtzaroaren, nerabezaroaren eta emakumeen inguruko ikuspegi berezia du», esan zuen.

Oatesek berak elkarrizketa batean literatura ulertzeko modua nola azaldu zuen gogora ekarri zuen Mujikak aurkezpenean: «Nobela ulertzen dut ispilu bat bezala, bidean barrena doana, kontua ez dela ispiluaren problema, baizik eta gertatzen diren gauza horiek permititzen dituenarena».

2020an ezagutu zuen Olarrak idazle estatubatuarra, Bartzelonako Udalak Pepe Carvalho saria eman ziolako. Nobela beltzean ibilbide luzea duten idazleak saritzen dira. Hori dela medio hasi zen itzultzaile tolosarra haren lanak irakurtzen eta, argitaletxearekin hitz egin ostean, ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ euskaratzea erabaki zuten. «Beste batzuk ere izan zitezkeen, baina gaiarengatik erabaki zutela esango nuke», aipatu zuen Olarrak.

ESTILO PROPIOA

Lehen atalean kontatzen da liburuko gertakari nagusia. Uztailaren 4ko gauean emakume alargun gazte bat eta bere alaba festagunetik etxera doaz. Bideko parke bat gurutzatzean, gizon kuadrilla batek ama bortxatzen du eta alabak ihes egitea lortzen du. «Oso labur eta kondentsatuta kontatzen du dena», zehaztu zuen.

«Idazkera indartsua» darabil Oatesek, itzultzailearen arabera, eta bere bizi esperientziekin gurutzatzen dela kontatu zuen. Eleberri honetan hasierako gertakaritik harago, «sistema judizialari egiten dio kritika», aurkezpenean azaldu zutenez, eta pertsonaia bakoitzaren zein egindako bide judizialean jasotako erantzunen bidez garatzen du hori idazleak.

«Belarri fina du Oatesek», azaldu zuen itzultzaileak, eta hori bere idazkeran nabaria dela gaineratu: «Eleberri honetan, ingurukoen zurrumurruak ere ongi ekartzen ditu». Eta, hein batean, itzultzeko erronka handiena ere hori izan dela aitortu zuen: «Hizkuntza aldetik arazo nagusirik ez dut izan; emakume honek belarria jarrita idazten du, ahalik eta xehetasun zein zehaztasun handienarekin. Batzuetan, ingelesez bi adiera izaten dituzte esaldiek; horiek euskaratzea izan da zailena, zehazki zer esan nahi zuen asmatzea».

Olarrak aurreratu zuen irakurleak ez duela amaiera zoriontsu batekin topo egingo, «baina bukaera ez da hain latza ere…». Eta ziurtatu zuen etengabe irakurlea «harritzeko» abilezia duela idazleak.

Kritika asko jaso izan ditu Oatesek «oso gai gogorren» inguruan idazten duelako. Eta kritika horri ere erantzun ziola kontatu zuen itzultzaileak: «Emakumeen eta neska txikien aurka egindako delituak esploratzen ditut justizia lortzeko edo gutxienez, lortu ezean, behar adinako indarra biltzeko beren bizitzekin aurrera jarraitzeko. Nire idazkuntza alde horretatik irmo atxikitzen zaio optimismoari».

ESKUAK ETA KONTRAESANAK

Kontraesana da izenburua Olarraren ustez: «Bortxaketa eta amodiozko istorioa kontraesankorrak dira hasiera batean. Baina liburua irakurri ondoren ulertuko da, irakurleari ez dio hutsik egingo».

Liburuaren azalaz den bezainbatean, Araiz Mesanza ilustratzaileak egindakoa da. «Dena aldatzen duen keinuaren tentsioa irudikatzen du, baimenik gabeko ukitzeak, erasoa eman aurreko pausoak… Sinbolismo handikoa da azala», adierazi zuen Mesanzak.