Ion SALGADO
GASTEIZ

Eragileak, onartuko den Hezkuntza Legearen aurka: «Aukera galdu baten aurrean gaude»

Osteguneko bilkuran onartuko da EAEko Hezkuntza Lege berria, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Atzo hainbat eragilek Gasteizen nabarmendu zutenez, «aukera galdu baten aurrean gaude». «Zoritxarrez, etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun geratuko den legea izango da», ohartarazi zuten.

Idurre Eskisabelek hitz egin zuen Gasteizen atzo egindako agerraldian.
Idurre Eskisabelek hitz egin zuen Gasteizen atzo egindako agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrak onartuko du ostegun honetan EAEko Hezkuntza Lege berria, EAJ eta PSEko ordezkarien aldeko botoekin. Oposizioko talde guztiak jada agertu dira bozkatuko den testuaren aurka, eta atzo hainbat eragile kontra agertu ziren.

Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE, Hik Hasi, ELA, LAB, Steilas, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU eta kulturgintzako hainbat ordezkariren esanetan, «aukera galdu baten aurrean gaude».

«Zoritxarrez, etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun geratuko den legea izango da. Ez da izango euskararen normalizazioan eragiteko tresna indartsu eta sendoa. Ez da izango gizarte kohesioan eta justizia sozialean aurrera egiteko lanabesa», nabarmendu zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Gasteizko Europa Jauregian egindako prentsaurrekoan.

Gogoratu zuenez, agerraldian parte hartu zuten eragileak bi urtez aritu dira elkarlanean, lege berriak datozen belaunaldiak euskalduntzeko eta hizkuntza korapiloa askatzeko jaso beharrekoak lantzen, arrazoitzen eta proposatzen. 2021eko abenduaren 16an, duela bi urte, “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” izeneko adierazpena aurkeztu zuten, eta 2022ko urrian euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamena aurkeztu zuten.

Gainera, joan den azaroaren 20an, Kontseiluak 20.000tik gora herritarren sinadurak entregatu zituen Legebiltzarrean, euskarazko ikasteredu orokortua aldarrikatuz.

HIZKUNTZA-EREDUEN SISTEMA

Izan ere, Eskisabelek esan zuenez, «40 urteko esperientziak erakutsi digu ereduen gainean eraikitako sistemak ez duela balio etorkizuneko belaunaldiak osotasunean euskalduntzeko; are, segregaziorako tresna direla eta euskaraz jabetzeko eskubidea ukatzen dietela milaka haurri».

«Euskararen normalizazioa eragozteaz gain desberdinkeriaren ezartzaile direla, gizarte kohesiorako traba. 40 urteko esperientziak erakutsi digu hizkuntza-ereduen sistemak ez duela balio legeak berak finkatutako B2 helburura iristeko», gaineratu zuen.

Aipatutako hizkuntza-ereduen sistemaren jarraipena jasotzen du Hizkuntza Lege berriak, EAJk eta PSEk adostutako emendakin bati esker. Dena den, elkartutako eragileek hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin lanean segitzeko konpromisoa berretsi zuten.

«Hezkuntza komunitatearekin, euskararen normalizazioarekin, justizia sozialarekin eta haur eta gaztetxo horiekin sentitzen dugun konpromisoan berresten gara. Eta aurrera begira, lanean segituko dugu, akordio sozial zabalen lanketaren bidez, hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin».