GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gazte gera gazte


Eta ez gaude konforme, kantatu zuen belaunaldi batek, Lourdes Iriondoren ahotik, 68ko maiatzaren bueltan. Umea nintzen gazte haiek kantuan zebiltzan garaian. Zahar ikusten nituen, koskortu nintzenean. Eta, gaztetan, ez nengoen -ez geunden- konforme; baina, konformagaitz bezain harro, ez nuen -ez genuen- Iriondoren kantarik abestu. Behin gaztetasuna galduta, argi ikusten da: konformagaiztasunarekin batera, harrokeria da gazteen belaunaldi gehienen marka. Esango nuke, haur eta gazteentzat salbu, Pernandoren egia dela gazteen harrokeriarena. Susmoa daukat, hala ere, kontua okerrera doala, eta guztiona dela horren ardura.

Gazte askoren harrokeria uste faltsu batean oinarritzen da. 18 urtekoek uste dute denok nahi dugula 18 urte izan, denok gaudela haienganako inbidiak erreta. Eta 19koek berdin. Eta, antzera, 30 urtekoetara-edo iritsi arte, baina luza daiteke harago. Ez dira konturatzen, adin horietatik gora ere, litekeena dela, konformagaiztasunari eutsita, oso gustura bizitzea nor bere buruarekin; guztiok ez dugula gazteminik; ez dugula horren ezjakin eta inozo ziren gazte haiek izatera itzuli nahi. Gozatu genuen gaztetasuna, eta, gozatzen adituak, segitzen dugu gozamenean gora egiten. Edo saiatzen gara behintzat. Baina oker egon ninteke. Edo beste zerbait uste du gizarteak, oro har. Ez da ulertzen, bestela, zergatik zabaltzen ari den gaztefilia -eta gerontofobia- horrenbeste.

EAEko behin-behineko bi lehendakarigai abertzale berrien ezaugarri baliotsuenen artean gaztetasuna azpimarratu du askok. EAJkoaren kasuan, alderdiak berak egin zuen, aurkeztu zuenean. 48 urteko gizona gaztetzat jotzeak adierazten du zerbait aurkezleaz, baina ez du azaltzen zergatik den gaztetasuna estatu izan nahiko lukeen nazio bateko eskualde-gobernuburu izateko ezaugarri positibo bat, esate baterako, buruargitasuna, proiektu kolektiboak gidatzeko gaitasuna edo eleaniztasunaren modukoa. Gazte balira ere, zer? Ez daude konforme?