MADDI TXINTXURRETA
DONOSTIA

Memoriak eta teoriak marratutako antzerkiaren mapa dakar Lipusek

Ander Lipusek (Markina-Xemein, 1971) bi liburukitan banatutako “Antzerkiaren labirintoan” lana aurkeztu zuen atzo. Euskal antzerkiaren garai oso bat josi du batetik, eta antzerkilari nahiz antzerkizaleentzat altxorra den gida teoriko bat osatu du bestetik.

Ander Lipus, Ganbila bildumara eman dituen ale berriekin.
Ander Lipus, Ganbila bildumara eman dituen ale berriekin. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

“Antzerkiaren labirintoan” izena eman dio Ander Lipus aktore eta antzerki zuzendariak atzo Donostiako Kaxilda liburu-dendan aurkeztu zuen obra erdibituari. Euskal antzerkigintzaren azken 50 urteetako (1971-2021) erradiografia bat osatu du memoriari tiraka eta teoriaz lagundu du bilaketa artistiko baten kontakizuna. Memoria eta teoriaren trazuekin, mapa bat marraztu du, lagunduko duena irakurlea labirintoan sartzen.

Susa argitaletxeak Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (Ehaze) batera ontzen duen Ganbila antzerki liburuen bildumara batu da Lipusen lan berria, bi liburukietan banatuta: “Antzerkiaren labirintoan I. Bitakora koadernoa” eta “Antzerkiaren labirintoan II. Artedrama baten bila”. Lana idazten duela bost urte hasi zen, eta 600 orrialderekin itxi du azkenean.

Liburuokin, «aspaldiko gogo bat» bete du Lipusek: herrestan egindako bidea errepasatu eta idaztea, eskuzabal, euskal kulturari emateko. Lehenengo liburukian, memoria ariketa bat egin du, baina ez nolanahikoa, izan ere, «Ander Lipus euskal teatroaren garai oso baten metafora da, euskal teatroaren parte handi batek azken ia hiru hamarkadetan izan duen bilakaeraren adierazle bikaina», dakar Ehazeren sar hitzak.

Hala, autobiografiatik kontakizun kolektibora egiten duen bidaia horren hasieran ezagutzera emango ditu Stanislavski, Baliko antzerki maskara edo Eugenio Barba, baina apurka hasiko da «bidea herritartzen» eta agertuko dira Joseba Sarrionandia, Jorge Oteiza edo Dejabu panpinen laborategia. «Ni naiz labirinto horren aitzakia, baina aitzakia hori baliatu dut gure kultur mundua kontatzeko», zehaztu zuen aktoreak.

Zortzi eskutara atondutako Mina Espazio periferikoa, Antzerkiola Imajinarioaren sortzezko sormen-eztanda eta berau urtzera egingo zuen akabera, «dena» -antzeztu, pentsatu, formatu- euskaraz egin daitekeela erakutsiko zuen Artedrama; hori guztia, eta ez hori bakarrik, dakar Lipusen lanaren lehen atalak.

GIDA BAT, ARITU ETA ZALEENTZAT

“Artedrama baten bila” liburukiak, Ander Lipusek garai eta hedabide ezberdinetan idatzitakoak jasotzen ditu batetik, memoria errebisatzeko tentazioei uxa eginez, garaiko haserreak, gogoak eta tripetako minak ziren bezala erakutsiz.

Bestalde, markinarrak aktore eta antzerki zuzendari gisa urte luzez egin dituen bideetan ikasi dituenak «gida» modura murtxikatuta agertzen dira. Tresna bat da, «corpus teoriko bat», Ander Lipusen esanetan, antzerkilari eta antzerkizaleentzat, egiteko nahiz ulertzeko lagunduko duena, ofizioan arituz nahiz maisu-maistrei entzunez osatutako aterki teoriko batez bildua. «Opari bat», funtsean, Ehazek esan modura.