Alaia SIERRA
GASTEIZ
GREBA ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOAN

Sektore publikoko grebaren jarraipen oso zabala EAEn, sindikatuen arabera

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, greba eguna izan zuten atzo EAEko arlo publikoan, «zerbitzu publikoaren alde, soldatak eta enplegua hemen adostu» lelopean. Adierazi zutenez, jarraipena «oso zabala» izan zen, bereziki garraioan. Lakuak emandako datuen arabera, %5,53koa izan zen jarraipena Osakidetzan.

Grebalariek Andra Mari Zuriaren plaza bete zuten Gasteizen.
Grebalariek Andra Mari Zuriaren plaza bete zuten Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek atzo nabarmendu zutenez, urriaren 25ean gertatu bezala, lehen orduko datuak aztertuta, «EAEko sektore publikorako deitutako grebaren jarraipena oso zabala» izan zen.

Aipatu sindikatuek nabarmendu zutenez, ‘Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu’ lelopean hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan 27.000 lagun inguruk parte hartu zuen.

Gasteizko manifestazioa hasi baino lehen ELAko Esther Saavedrak adierazi zuenez, «iruditzen zaigu langile publikoen plantilla gure aldarrikapen nagusia sendotasunez eskatzen ari dela: enplegua eta soldata hemen adostu ahal izatea eta negoziazio mahaiek greba honetara ekarri gaituzten aldarrikapenak barne hartzea».

Saavedrak azpimarratu zuen jarraipena «aurreko deialdietan baino garrantzitsuagoa» izaten ari zela, bereziki garraioan.

«Eskaera bikoitza» egin zuten sindikatuek. Batetik, ostegunean, abenduaren 21ean, EAEko aurrekontuak bozkatuko diren egunean, «langileen aldarrikapenak eta herritarren beharrak ez lehenesteko inolako aitzakiarik» ez dagoela argi utzi zuten.

Bestetik, euskal alderdi politikoei eskaera egin zieten bozak baliatu ditzatela Madrilen negoziatuko diren aurrekontuetan «ez dadin betorik ezarri zerbitzu publikoak, enplegua eta soldatak hemen adosteko».

Era berean, «zerbitzu publikoekin gertatzen ari dena larria dela» salatu zuten manifestazioen bukaeran, «zerbitzu publikoen gainbehera, lan baldintzen okertzea eta horrek herritarren arreta kalitatean duen higadura», hain zuzen.

Ildo horretatik, honakoa aldarrikatu zuten: «%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa», «pribatizazioei atea ixtea eta publifikatze planak adostea», «enplegu publikoa sortzea eta sendotzea, behin-behinekotasuna %8raino txikituz», «lan kargak arintzea eta plantillen osasuna bermatzea», «politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea», «administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe», eta «jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean».

JARRAIPENA SEKTOREKA

Sindikatuen arabera, Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen «oso zabala» izan zuen. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, lanuztea %60koa izan zen eta Haur-eskoletan langileriaren %70 ingururen babesa izan zuen grebak. EHUn jarduera akademikoa «oso urria» izan zen, leku askotan azterketetarako gutxieneko zerbitzuak izan ziren jarduera bakarrak, eta jarraipen «ia osoa» izan zen fakultate batzuetan, Magisteritzan kasu.

Udal eta foru esparruan, «aurretik genituen datuak berretsi dira». Eskualde desberdinetako udal handienetan jarraipena «oso esanguratsua» izan dela esan zuten, hiru hiriburuetakoak nabarmenduta.

Komunikabide eta garraio publikoei dagokienez, irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren, informatiboak bakarrik emitituz. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren, Metro, eta Donostibusen grebak jarraipen «oso zabala» izan zuen eta Tuvisan erabatekoa izan zen; zerbitzu minimoek bakarrik lan egin zuten.

Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan ere lanuzteak jarraipen «zabala» izan zuen, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra izan zen. Sindikatuek Bilbon Gran Via 85ean Ertzaintzak «greba eskubidearen aurka izandako jarrera» salatu zuten. Estatuko langileen esparruan jarraipena «apalagoa» izan zela esan zuten.

GUTXIENEKO ZERBITZUAK OSAKIDETZAN

Sindikatuek goizean salatu zutenez, ordea, Osakidetzan zerbitzu minimoek «guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena».

«Milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak ehuneko ehunekoak direlako. Gaueko txandan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Hala ere, gaurko grebaren jarraipena urriaren 25ekoa baino handiagoa izango dela dirudi», kritikatu zuten.

%5,39KO JARRAIPENA, OSAKIDETZAREN ARABERA

Osakidetzak emandako datuen arabera, goizeko txandako langileen %5,53k bat egin zuen sindikatuek deitutako grebarekin. Gaueko txandan %0,10ekoa izan zen jarraipena eta arratsaldekoan %6,79koa. Oro har, %5,39ko eragina.

Datuak antzekoak izan ziren herrialdeka: Araban %4,9koa, Bizkaian %5,7koa eta Gipuzkoan %5,5ekoa. Lanbide-kategorien arabera, medikuen %2,79ak eta erizainen %6ak egin zuen greba. Gainerako kategoria profesionaletan, greba egin zuten langileen batez bestekoa %7,75ekoa izan zen.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Lan Harremanen Zuzendaritzak esan zuen EAEko Administrazio Orokorreko plantillaren %7,75ek greba egin zuela.

Hezkuntzan, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza zerbitzura ikastetxeetako zuzendaritzek bidalitako datuen arabera, eta ikastetxe publikoen %95aren gaineko informazioa jasota, ikastetxe horietako irakasleen %29,8k bat egin zuen grebarekin, Lakuaren arabera.

Segurtasun Sailak adierazi zuenez, Sailean lan egiten duten langile guztien %1,01ek egin zuen bat.