Asier ROBLES
BILBO

Aldaketa politikorako herrigintzak duen garrantzia landuko du Sortuk

Ziklo politiko berria jopuntu hartuta, balio eraldatzaileak jendartean errotzeko herrigintzak duen gaitasuna landuko du Sortuk otsailaren 3an antolatu duen Plaza Hutsean. Eremuz eremuko gogoetak egiteaz gain, proiektu sozioekonomikoa gaurkotzeaz arituko dira.

Maialen Gago eta Xabi Iraola Sortuko ordezkariek Plaza Hutsa aurkeztu zuten.
Maialen Gago eta Xabi Iraola Sortuko ordezkariek Plaza Hutsa aurkeztu zuten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Herrigintzan lanean dabilen ezkertiar eta independentista ororentzat irekitako Plaza Hutsaren edizio berria antolatu du Sortuk, otsailaren 3an, Durangon. Atzo egindako aurkezpenean azaldu zutenez, Euskal Herrian aldaketa politikorako aukerak eta horren aldeko bulkada soziala «bizi-bizi» dagoela uste du alderdi abertzaleak, eta, «hain zuzen, aldaketa hori gauzatzeko, balio eraldatzaileak jendartean errotzeko herrigintzak duen gaitasuna» landu nahi dute hitzorduan.

«Plaza Hutsa une politiko berezian dator: euskal nazio askapen mugimenduaren hamarkadetako lanak eraikitako indar harremanak kristalizatzeko moduan egon gaitezke», adierazi zuen Xabi Iraola Sorturen Nazio Kontseiluko herrigintzako arduradunak.

Haren arabera, udazkenak erakutsi du aldaketa politikoa eskatzen duen «pultsio sozial bat» ere badela, eta «horietako aldarrikapenek bat egiten dutela ezker independentismoaren proiektuarekin».

Hori kontuan hartuta, ziklo politiko berri bat irekitzeaz mintzatu zen Iraola: «Orain eta hemen aldaketa politikoa posible bada, Euskal Herri luze-zabalean martxan den olatu herrigile eta mobilizatzaileari esker da. Are, aldaketa politiko horrek sakontasuna izango badu eta iraungo badu, herritarren balio eta printzipioetan aldaketak gertatzen ari direlako izango da».

MAPA ETA KOORDENATU BERRIAK

«Euskal Herritik mundu berri baten mapa eraikitzen jarraitzeko plaza» izatea espero du Sortuk. «Euskal Herria bada mundua ikusteko, herria egiteko eta bizitzeko modu propioa duen herri bat. Belaunaldiz belaunaldi hainbat balio transmititzeko gai izan da: auzolana, sen komunitarioa, herrigintzarako gaitasuna. Horiek behin eta berriz eraberritu behar izaten dira, iraungo badute», esan zuen Iraolak. Herri berri baten koordenatuez ere aritu zen: «Aldaketa garaiak bizi ditugu, baita askotariko krisiak ere: klimarena, zaintzarena, ekonomikoa. Erronka horiei erantzun nahi diegu».

Maialen Gago Sorturen Bizkaiko idazkaritzako kideak Plaza Hutsa Bizkaian egitearen garrantzia nabarmendu du: «Aldaketa politikoan Bizkaiak daukan zentraltasuna azpimarratu nahi dugu. Euskal Herrian aldaketa politikoa posible izango bada, aldaketa hori Bizkaitik pasako da». Bi zati nagusitan banatuko da jardunaldia. Lehenengoan, eremuz eremuko (feminismoa, euskara, hezkuntza, ekologia, migrazioa, lan eta bizi baldintzak, eta herrigintza eraldatzailea) saioak egingo dituzte. Bigarrenean, ezker abertzalearen proiektu sozioekonomikoa gaurkotzeaz arituko dira.