GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL GIZATALDEEN VIII. MUNDU BATZARRA
Interview
Gorka alvarez
Eusko Jaurlaritzako kanpoaldean den euskal komunitatearen zuzendaria

«Euskal gizartean gaur egun diaspora zer den ezagutarazi behar dugu»

18 herrialdetako ordezkariak bildu dira Kursaalean gaur amaituko den Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarrean. Gorka Alvarez buru-belarri dabil kongresua koordinatzen. Diaspora entzuteko beharra azpimarratu du NAIZ Irratian, eta gaineratu du diaspora aldatu egin dela, baina gaur egun euskal gazteek ere migratzen dutela.

(NAIZ IRRATIA)

Eraldaroa kongresu honetan zenbat ordezkaritza daude?

Hemezortzi ordezkari, hemezortzi herrialde desberdinetakoak; gutxi gorabehera ehun pertsona baino gehiago gara.

Parte-hartzaileek euskara erabiltzen al dute?

Bai. Mahaietan egiten da ingelesa, egiten da frantsesa, egiten da euskara eta egiten da gaztelania. Azkenean, gure herriaren hizkuntzak hemen ere islatuta daude.

Aipatzen dugularik euskararen etorkizuna nola landu behar den, polita izango da ikustea nola nazioartetik ere euskara ekartzen diguten Euskal Herrira.

Hori da, azkenean, Etxepareren “Euskara Munduan” programarekin hainbat jende hainbat euskal etxetan dago, ehun euskal etxe baino gehiagotan, non euskara ematen den eta euskaraz hitz egiten den. Ezin da euskaraz bizi hemen toki batzuetan bezala, baina saiakera handia da eta etortzen direnean gure hizkuntzan egin dituzten aurrerapausoak erakusten dituzte, eta oso ondo egiten dute. Gainera, “Euskara Munduan” programa saiatzen da bertakoak hezten, gero beraiek klaseak emateko.

Egunotan agerikoa da hemen kongresuan egiten den lana presentziala izango dela, alboz albo. Baina urtean zehar lanketa hori, distantziarako lanketa, nola egiten da?

Distantziak, egia esan, gero eta motzagoak dira. Orain batez ere euskal etxeak joan dira sare sozialetara. Lehen utopia bat zen, baina orain Zoom, Meet eta horrelakoak asko erabiltzen ditugu, eta ia astero edo hilabetero daukagu komunikazio zuzena. WhatsApp ere oso erreminta ona da eta hori nahi dugu: zubigintza lana egin, beraiekin elkarlanean. Gu bulego batean gaude lau paretarekin eta beraiek ez badigute kontatzen zein behar dituzten edo zein arazo, ez dakigu. Hori da kongresu honen helburua, gure diaspora entzun eta euren artean errealitate ezberdinak ezagutzea.

Astelehenean hasi zen kongresua eta lehen aipagaiak euskal etxeen sarea eta diaspora izan dira. Delegazioek nolako proposamenak ekarri dituzte?

Bakoitzak bere errealitatea dauka eta bakoitzak bere proposamen espezifikoak ekarri ditu, eta dena jasoko da lau urteko planean. Guk lege bat daukagu, 30 urte dituena. Gure herria aldatu egin da eta euren herriak ere aldatu dira. Orain mugikortasuna eta komunikazioa aldatu dira, eta horiek dira erreminta berriak, onerako eta txarrerako. Hainbat proposamen jarri dira mahai gainean gaur bertan eztabaidatzeko horien inguruan.

Bilbon azkeneko kongresuan hartutako neurriek nolako eragina izan dute nazioarteko euskal kolektibitateetan?

Bertan hartutako neurriekin batez ere Euskal Diasporaren Eguna bereganatu dugu, eta uste dut horretan aurrerapauso handiak eman ditugula. Gero, euskararen irakaskuntzan ere aurrerapausoak eman dira. Euren artean komunikazioa sustatze horrek uste dut aurrerapauso izugarriak izan dituela. “Euskal Herrian diasporizatu” leloa ere asmatu genuen. Hitz hori, “diasporizatu”, Euskaltzaindiak ez dauka bere hiztegietan, baina horren atzean oso gauza garrantzitsu bat dago: gure gizartean diaspora zer den ezagutaraztea. Askok pentsatzen dugu diaspora dela antzinako zerbait, baina gaur egun gure gazteak ere kanpora joaten ari dira, eta hori ere diaspora da. Bi errealitate horiek uztartzea, antzinako diaspora eta gaur egungo diaspora, hori da orain daukagun erronka.

Epe honetan ere aipatu duzu euskal kolektibitatearen lege-proiektua ere badela. Jakin nahiko genuke ea nolako araua den eta kanpoan diren euskaldunek nolako eskubideak dituzten.

Lege hori guk atzerrian errealitate bat geneukan momentu batean egin zen. Euskal etxeak zeuden Eusko Jaurlaritza baino lehen, eta saiatu zen, gutxi gorabehera, lege horren bitartez, euskal etxeei betekizunak ematen eta hainbat eskubide ematen bertako kideei. Bere garaian lege hau bakarrik euskal etxeentzat zegoen pentsatuta. Hasi ginen 50ekin duela 30 urte, eta orain ia 200 euskal etxe daude. Bere garaian batez ere erbesteratutako pertsonak zeuden hor. Gaur egun beste errealitate desberdin batean gaude, komunitate izugarri bat dago. Guk orain mundura ireki nahi dugu, baina arazo bat daukagu. Euskal etxeak dauden herrialdeetan gaur ez dute euskal immigrazioa hartzen, eta hartzen duten herrietan ez daude horrelako erakundeak.

Beste erronketako bat erreleboa izango da. Gaur egun arlo sozialeko ekimenetan asko aipatzen den elementua da. Euskal etxe eta kolektibitateek ba al dute belaunaldi erreleborik?

Badute eta hemen ikus dezakegu. Duela lau urte egin zen azkeneko kongresua Bilbon, eta erdia baino gehiago berriak dira. Orain hemen hamabost gazte daude “Gazte Mundu” programan parte hartzen ari direnak, 30 urtetik beherako gazteak. 25 urte daramatzagu programa horrekin, eta hemen dauden ia gehienak hortik pasa dira. Nik uste dut euskal etxeetan azkenaldian esfortzu handi bat egin dela gazteak erakartzeko, mantentzeko, gazteei bere lekua emateko, eta hori lan polita izan da, arrakastatsua, baina oraindik ere badago egiteko, eta erreleboa badago.

Erreferente izaten da Boisen egiten den Jaialdia, bi edo hiru urtean behin. Hurrengo zita noiz izango da?
2025ean izango da. Pandemia zela eta ez zela azkenean ez zen egin, eta pasatuko dira ia zazpi urte egin gabe, baina dena prest daukate 2025ean egiteko. Munduan zehar beste jaialdi batzuk daude, ez dira hain ezagunak, baina Boisekoa bezain jendetsuak dira. Joan den hilabetean izan zen Necochean Semana Nacional Vasca eta Euskal Herriko edozein plazatan egotea bezalako zerbait zen, baina Argentinan.
Aholkularitza Batzorde bat ere izendatuko da. Zeintzuk dira talde honen funtzioak?
Urtean behin gutxienez elkartzen den taldea da, lau urteko plana betetzen ari ote garen baloratzeko eta zer nolako bilakaera izaten ari den ikusteko. Hor, euskal instituzioak eta diasporako hiru kide daude. Ostegunean erabakiko dira eta Hego Amerika, Ipar Amerika eta Europa, Asia eta Ozeania ordezkatzen duen kide bana izango ditu.


Elkar ezagutzeko aukera paregabea

Anitza da Euskal Herritik kanpo dagoen euskal komunitatea, baina elkarren arteko loturak indartsuak dira. Tony Huarte San Franciscotik (AEB) dator, Miren Arozarena Buenos Airesetik (Argentina). Biek azpimarratu dute Eraldaroa saretzeko aukera ona dela; denen egunerokoa da euskal kultura eta hizkuntza.

Miren Arozarenaren ama arizkundarra da, Tony Huartek bolada bat pasa zuen Arizkunen bizitzen. NAIZ irratiaren galderei erantzuteko aitzakiarekin ezagutu dute elkar, eta berriketan hasi bezain laster agertu da elkarren arteko lehen lotura. Zeinek daki, hitz egiten jarraituz gero, zenbat kontutan egingo luketen bat.

Anitza eta zabala da euskal diaspora. Arozarena FEVAko idazkaria da. Argentinako 98 euskal erakundek osatzen duten federaziokoa. Huarte, San Franciscoko Euskal Etxearen parte izateaz gain, Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Erakundeko kide ere bada. 40 erakunde inguru batzen dira bertan. Huartek pilotaren sustapenean eta berreskurapenean egiten du lan.

Migratzeko moduak eta, ondorioz, diasporaren nolakotasuna aldatu dela diote biek. Lan handia dagoela egiteko ere aitortu dute, eta, halako kongresuek elkar ezagutzeko, ikasteko eta saretzeko aukera paregabea eskaintzen dietela-eta, Donostian egiten ari diren egonaldiaz gozatzen ari dira. GARA