GARA
DONOSTIA

Jorge Gimenez Bech hil da, Alberdania argitaletxeko editorea

Hiru hamarkadaz Alberdaniako editore izandako Jorge Gimenez Bech atzo goizean hil zen, gaixotasun baten ondotik. Idazle, itzultzaile eta argitaratzailea, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria ere izan zen hamalau urtez. Heriotzaren berri jakin eta berehala, euskal kultur munduko zenbait eragilek samina adierazi zuten.

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreari 2018an hartutako irudia.
Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreari 2018an hartutako irudia. (Jon URBE | FOKU)

Jorge Gimenez Bech (Irun, 1956) atzo goizean hil zen, 67 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Argitaratzaile, idazle eta itzultzaile lanetan aritua zen Gimenez Bech, baina batez ere hiru hamarkadaz Alberdania argitaletxeko buru izateagatik zen ezaguna. Argitaletxea 1993. urtean sortu zuen, Inazio Mujika idazlearekin batera. Aurretik, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko burua izan zen zenbait urtez.

Argitalpenen munduan egindako ibilbide luzeaz gainera, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria ere izan zen hamalau urtez, 1997tik 2013ra, eta Gasteizko Gobernuaren Hizkuntza Politikako Ikerketa eta Koordinazioko zuzendaria ere izan zen 2013 eta 2017 urteen artean. Telebistan ere aritu zen, ‘‘Zeuk erabaki’’ eta ‘‘Goenkale’’n.

Euskal Herriko hedabide anitzetan artikuluak idatzi zituen, eta literaturan ere aritua zen; Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen 1995ean, euskal atalean, ‘‘Trenaren zain’’ kontakizunarekin.

Itzulpengintzan lan mardula egindakoa zen. Hainbat idazleren lanak itzuli zituen euskaratik gaztelaniara, Anjel Lertxundirenak batzuk (‘‘Capitán Fracasa’’, 2023; ‘‘Sombras en el espejo’’, 2022; ‘‘Última función’’, 2021), eta baita Arantxa Iturbe (‘‘¡Ay, madre!’’, 2006; ‘‘Ya ni siquiera es tarde’’, 2005), Inazio Mujika Iraola (‘‘Tiempo de cerezas’’, 2006), Yurre Ugarte (‘‘Fascinable’’, 2021), Jokin Muñoz (‘‘Letargo’’, 2014; ‘‘El camino de la oca’’, 2008) edo Aingeru Epaltzaren (‘‘Fuego de paja’’, 2007) liburuak ere.

Gimenez Bechen heriotzaren berri izan bezain laster, hainbat izan ziren sare sozialetan samina adierazi zutenak, Euskal Idazleen Elkartea tartean: «Euskal Editoreen Elkarteko familia, 14 urtez gure presidentea izan baitzen. Sutsu lan egin zuen elkartean, euskal liburuaren ordezkaritza lanetan, euskal liburugintzaren defentsan», idatzi zuen.

Katakrak-eko lagunek ere gogoan izan zuten: «Sarritan etorri zen gurera, duela urtebete azkenekoz. Orain, bere lana, ia sail guztietan dugu baina, bereziki, Euskal narratiba eta Europako narratiban. Eskerrik asko, Jorge», agur esan zioten.

Pamiela argitaletxeak ere akorduan izan zuen: «Euskal edizioaren eta liburugintzaren alde aritu zen beti. Besarkada bat Iruñetik Irunera Alberdaniako bidelagunei».

Politikaren arloan jardundakoa zen Gimenez Bech. Gaztea zela, Euskadiko Ezkerra alderdiaren inguruan ibili zen. 2021ean publikoki egindako adierazpenetan nabarmendu zuen aita guardia zibila zuela eta 1982ko urrian ETAko ekintza baten ondorioz hil zela. Gogoan-ek antolatutako solasaldi batean kontatu zuen gertaera hark eragin zion samina, eta hedabideetan ere idatzi zuen zauri haien gainean.