Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren aztarrenak

Daukadan halakoxea dut iritzia. Nora joango naiz euskal musikaren aztarrenak bilatzera? Aztarnak badaude, baina ezagutzen ditugun aztarnak baino lehenago beste aztarna batzuk ere egongo ziren, eta guk haietaz ez dakigu ezer. Ez dut aztarrenik. Eta gaurko, edo 1960ko hamarkadatik hona, hor bai badaudela aztarnak, lekukoak eta informazioak. Baina ez 1/1 eskalan, ezta %100ean ere. Hori ez da posible.

Jon Maiaren “Kantu berri bat gara” liburu-CDaren mamietako bat da jakitea euskarazko lehen hitz haiek eta aztarrenak nola sortu ziren. Eta pixka bat flipatu egiten du gogoetetan. Urari ur esango al zioten duela 50.000 urte, edo nola txertatu zuen euskarak pentsamenduen arkeologia hitzekin, eta nola lotu esanahia gauza edo ekintza bati. Kontzeptuen irudikapen fonetikoa hitzetara ekartzea zaila izango zitzaion hitzen asmatzaileari, hiztegigileari. Baina ez dut aztarrenik nola gertatu zen hori guztia. Seguruena lehenbizi melodiak edo soinuak sortuko ziren, eta gero doinu horiei hitzak txertatuta kantuen osotasuna iritsiko zitzaien. Eta nik zer dakit!

Zer itxura izango zuten aurreneko kantuek? Noizkoa izan daiteke? Nolakoa jatorria? Agian ni ere flipatzen ari naiz honekin guztiarekin. Garrantzirik ba al dute gogoeta edo txorakeria hauek? Aztarrenik ere ez, aieruzko usteak baino ez dira.