GARA
URDUÑA

Urduñako espetxean hil zen Francisco de la Cruzen gorpua familiari eman diote

Gogora institutuak Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak eman zizkion haren familiari, atzo Urduñako Kolunbarioan egin zen ekitaldian. Han izan ziren Iker Santolcides Urduñako alkatea, udalbatzako kideak eta Gogorako teknikariak.

Francisco de la Cruz Orellana jaiotzez Quintana de la Serenakoa (Extremadura) zen. Urduñako espetxe frankistaren biktima bat da. Nekazaria, ezkondua eta bi seme-alabaren aita, atxilotu egin zuten, eta Extremaduran zenbait espetxetatik igaro ondoren Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten 1940ko urtarrilaren 31n. Handik urtebetera hil zen, 1941eko apirilaren 17an, 68 urte zituela.

Haren gorpuzkiak 2014an berreskuratu zituzten Urduñako hilerrian, baina ezin izan zituzten identifikatu, eta Urduñako kolunbarioan zeuden 2022ko uztailetik, inauguratu zenetik. Mallabian bizi den De la Cruz familia Gogora institutuarekin harremanetan jarri zen 2022an, Urduñako hilerrian gorpuzkiak lurpetik atera zituztela jakin ondoren, eta, azkenik, DNA laginak aztertuta, Urduñako hilerriko bederatzigarren identifikazioa gauzatu ahal izan da.

BEDERATZIGARRENA

Beste zortzi identifikatuak hauek dira: Fructuoso Llorens Tolosano, Extremadurakoa; Manuel eta Salvador del Amo Jimenez anaiak, hauek ere Extremadurakoak; Alejandro Gomez Hidalgo, Gaztelakoa; Alfonso Tena Prieto; Domingo Galindo Gonzalez; Inocencio Gallardo Rebolledo eta Bernardo Rodriguez Rincon, denak Extremadurakoak.

Urduñako hilerritik 2014 eta 2022 bitarte egindako indusketetan atera zituzten 71 pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko lanean ari da Gogora.