GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

San Tomas


San Tomas azokak hainbat tokitan gabon garaiari benetako hasiera ematen diola esan dezakegu. Bilbon, esaterako, egun horretan goiz-goizetik kuadrillak eta konpartsak ikusten ditugu Areatzan. Badugu aukera ezin hobea baserritarrek ekarritako produktuen usainez eta zaporeez gozatzeko: gazta, ogia, barazkiak, eztia, pastelak... Kalitatezko eta sasoiko produktuak erosteko parada izan ohi da eta, eguna aurrera doala, sagardoa edota taloa txorizoarekin dastatzea ia betebeharra. Egun handia: lagunekin elkartzeko data, baita lankide edo ikaskideekin harremanak estutzeko momentua ere. Txapelak eta arropa tradizionalak janzten ditugu; eta trikitia edo txistuaren doinu ederrez gozatzen dugu. Zalantzarik gabe, baserri kulturaren jaia da; hiria nekazarietatik hurbilen dagoen eguna.

Jatorri historikoa duen ohitura, agendako ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da San Tomas, eta aitortu behar dut bereziki maite dudan jaia dela. Hala ere, jai honek gure kontsumo eta ohituren inguruan hausnartzeko beharra agerian uzten du, inork ezin baitu ukatu produktu ezberdinak eskuratzean hartzen ditugun erabakiak eragina dutela gure ingurumenean, gizartean eta ekonomian. Eta egia da batzuentzat hurbileko produktuak erostea ohiz kanpokoa dela, urtean behin egiten den bitxikeria, alegia.

Horregatik, balioa eman behar zaio gizartetik elikadura burujabetza eta jasangarritasuna bultzatzen duten zenbait ekimen garatu izanari, horietako asko benetan arrakastatsuak. Edozelan ere, arlo honetan politika publiko ausarten falta sumatzen da; ekologia, osasuna, kontsumo arduratsua, lan eskubideak, eta bidezko diru sarrerak kontuan hartzen dituen bestelako eredu baten alde lan egiteko. Tokiko produktuen azokak antolatuz, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko elkarreragina sustatzen da. Merkatuetan eta tokiko dendetan bertoko produktuen salmenta bultzatu ahal da, kontzientziazio kanpainak martxan jarriz edo erosketa publikoan arreta jarriz. Finean, folklorea baino askoz harago joateko apustua.