Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Agintaldi osoko konpromisoak nahi ditu EH Bilduk Nafarroan

Adolfo Araiz eta Laura Aznal, Iruñeko Gobernuarekin bildu ondoren.
Adolfo Araiz eta Laura Aznal, Iruñeko Gobernuarekin bildu ondoren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Agintaldi osorako konpromisoak lortzeko helburuarekin hasi du EH Bilduk Nafarroako aurrekontuen negoziazio prozesua. Horrela azaldu zuen atzo lehen bilera izan ondoren talde honetako eledun Laura Aznalek kazetariei egindako adierazpenetan.

Jose Luis Arasti Ogasun sailburua eta hiru lehendakariordeak (Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro) izan ziren bilera horretan. Indar independentistaren izenean, Aznalekin batera Adolfo Araiz ere izan zen.

«Lan asko dugu egiteko. Hauek EH Bildu protagonista izango den bosgarren aurrekontuak izango dira. Argi utzi dugu oraingoan ere aurrekontuen aurreproiektuan eragin nahi dugula. Informazioa eskatu dugu gastu-muga departamentuetan nola banatuko den jakiteko. Hori aztertu eta EH Bilduk aurrekontuen aurreproiektuan zein emendakinetan egin ditzakeen ekarpenak aztertzeko», azaldu zuen Laura Aznalek.

Beste behin, aurrekontuen negoziazioan EH Bildu solaskide bakarra dela nabarmendu zuen, UPNk hitz egiteko Gobernuaren gonbitari ezezko biribila eman diolako. «Erabakigarriak izateko aukera berri hau aprobetxatu behar dugu, oraingoan are eta anbizio gehiagorekin. Nafar guztien mesederako izango diren ekarpenak egingo ditugu», gaineratu zuen Aznalek.

Gobernuaren partetik jarrera ona ikusi zutela erantsi zuen. Bilera berriak egingo dituzte akordio baten bila. Izan ere, urtarrilaren 10ean Parlamentuan aurrekontuen aurreproiektua bozkatuko da. «Epea motza da», esan zuen.

EH Bilduk negoziazio honetan dituen lehentasunak «betikoak» dira. Honakoak aipatu zituen Aznalek: zerbitzu publikoak indartzea, autogobernua bultzatzea, hizkuntza politikan aurrera egitea, inflazioa eta interes tasa altuen eszenatoki batean herritarren beharrei erantzutea, lurralde kohesioa bultzatzea eta Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren legeak betearaztea.

EH Bildurentzat garrantzitsua da «alor ekonomiko-finantzariotik haratago konpromisoak lortzea».

GOBERNUA, BAIKOR

Nafarroako Gobernuak, bestalde, EH Bildurekin izandako lehen bilera «positibotzat» jo zuen. Horrekin batera, UPNk elkarrizketarako egindako gonbitari uko egitea deitoratu zuen.

Ohar batean azaldu zuenez, aurrekontuen negoziazioaren prozesua hasteko oposizioaren talde nagusiei elkarrizketarako deia egin zien. Hauen artean, soilik EH Bilduk eman zuen baiezkoa.

Halere, Gobernuak nabarmendu zuenez, Parlamentuan ordezkatuta dauden talde politiko guztiekin hitz egiteko aukera zabalik mantenduko du, aurrekontuen proiektuak ahalik eta sostengu zabalena izan dezan.