GARA Euskal Herriko egunkaria

Gabonak


Ohiko natibitate eszena da, edozein kristauk eta kristau ez diren askok berehala ezagutuko dutena: ama birjina Jesus jaioberriari titia ematen, atzean Betleem hiria dutela. Data hauetan jaiegun kristauak ospatzen dituen edozein tokitan aurki daitekeen irudia da.

Jainkoaren semearen jaiotza goratzera datorrena. Sliman Mansourren “Betleem-erako bidea” (2022) koadroak ere antzeko eszena du oinarrian, baina kasu honetan ama-semeak porlanezko hesi garai batek inguratuta daude. Zaintza kamerak ditu hesiak, baita kontrol-dorre bat ere, eta eraso-fusilak eskuetan dituzten lau soldaduk zainduta dago.

Jesus gaurko Betleemen jaio izan balitz, Israelek okupaturiko lurraldean aurkituko zuen bere burua. Horra Palestinako artistaren koadroak gogorarazten diguna.

Betleem bertako eliza luteranokoek ere moldaketa batzuk egin dizkiote bere natibitateari. Oraingo honetan Jesus haurtxoaren irudia eraiste-hondakin artean kokatu dute, Israelek jaurtitako bonbek eragindako hondamendiaren erdian jaio eta haztera beharturik dauden palestinar haurren patua islatu asmoz.

Betleemeko eliza luteranoek zein Palestinako gainerako elizek ez dituzte Gabonak ospatuko aurten.

Bakea eta justizia ardatz dituzten ospakizunak antolatzeak ez du zentzurik Gazako palestinarren kontrako genozidioak dirauen bitartean.