GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Howarden magiak eta Saski Baskoniaren pazientziak Efes gainditu du Istanbulen

Howarden 28 puntuez gain, azken laurdenean markagailua 68-66 zela lorturiko 0-10eko partzial bati esker partida gasteiztarren alde irauli zen.

Hirukoa botatzeko zutitu zen bakoitzean, magia egin zuen Markus Howardek. (SASKI BASKONIA)

Saski Baskoniak bere momentua pazientziaz gainezka bilatu zuen; Anadolu Efesen etxean irabazteko, ezer behar baldin bada, pazientzia behar baita. Egia da talde turkiarra ez dagoela bere unerik onenean, ezta gutxiagorik ere, baina Saski Baskonia ere ez dabil topera, eta bere bertuteak bikain baliatu zituen.

Markus Howarden 28 puntuena, bost faltarekin egotzi zuten arte etxekoentzat izan zen konpondu ezinezko buruko mina, aipagarria da zinez. Alabaina, New Jerseyko eskoltak egin zuena bere horretan ez zatekeen irabazteko lain izango atzean talde sendorik izan ez balu. Maccabiren aurka ez bezala, erreboteko lehia gasteiztarrek eraman zuten eta Belgraden baino askoz baloi gutxiago galdu zituzten.

Ezin ahaztu Sedekerskis, Miller-McIntyre, Marinkovic eta Monekek ere 11 puntu edo gehiago saskiratu zituztela, eta berdin Efesen erauntsiak baretzeko atzetik joatea egokitu zenean, eta aurretik jarritakoan aldea zabaltzen ekiteko, guztien laguntza ezinbestekoa izan zen Euroliga honetako bederatzigarren garaipena erdiesteko.

UNEA NOIZ IRITSIKO

Bataren kolpea, bestearen erantzuna. Bataren partziala, aurkariaren partziala bueltan. Halakoren bolada hona, bestelakoren boladarekin erantzun. Erabateko berdintasuna nagusi izan zen lehian, hiru laurdenetan.

Uztaipean gehixeago izan zen Anadolu Efes, batik bat Otururen lan bikainari esker eta hirugarren laurdenean Osmani bikain aritu zelako. Nolanahi, Baskoniak sufritzen asmatu zuen, batez ere barruko jokalarien artean abiadura eta mugikortasuna bilatu zituenetik aurrera. Alegia, Moneke eta Sedekerskisek lekurik gabe utzi zituzten Khalifa Diop eta Maik Kotsar.

Hala ere, azken laurdenaren hasieran 60-57 aurretik zen Erdem Canek zuzentzen duen taldea, eta lau pertsonal zituen Markus Howardek. Nolanahi, neurketa 68-66 zela partida hautsi zuena Markus Howard izan zen.

Baskoniak 0-10eko partziala erdietsi zuen azken laurdeneko tarte erabakigarrian. Efesek Shane Larkinen bidez erantzun nahi izan zuen atzerantz begiratzeke egin zuten ihes Ivanovicenek.