GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA

Cerro San Valentin mendiaren iparraldeko ertzak lehen igoera jaso berri du

Joan den 4tik 8ra, Nicolas Tapia, Oriol Baro eta Martin Eliasek esplorazioan oinarritu den jarduera egin zuten. Headwall-ean WI5 eta M5 zailtasunak gainditu zituzten. Denera, 4.000 metroko desnibela gainditu zuten.

Alpinistek headwall-ean izotz-jauzi ikusgarri batekin egin zuten topo. (Martin ELIAS)

Patagoniako ohiko denboraldiak lehen urratsak egin ditu. Fitz Roy eta Cerro Torre mendiguneek “aterpe” duten El Chalten herria hasi da eskalatzaileak jasotzen. Nolabait esateko, inguru hori erakusleiho bihurtu da, eta hasi da masifikazioaren hitza entzuten. Batzuek-batzuek, bederen, hango paretetan zein orratzetan egiten diren eskaladak “turismoarekin” lotzen dituzte.

Bestelako egoera bizi da Txileko Patagonian. Eskuarki, Paineko Dorreak dira bisita gehien jasotzen dituzten hormak. Baina aipatu ditugun sona handiko bi alderdi horietatik haratago, badira eremu askoz zabalagoak. Eta horretan, ia galduta eta urrutiko lekuetan dauden mendiek alpinismorako aukera bikainak eskaintzen dituzte. Hori gutxi ez, eta esplorazioak indar handia hartzen du.

Cerro San Valentin (4.053 m, Txile) horietako izar bat dugu; hain zuzen ere, Nicolas Tapia txiletarrak, Oriol Baro katalanak eta Martin Elias errioxarrak aukeratu zutena aktibitate bikain bat egiteko. Hil honen hasieran, 4tik 8ra, hirukote horrek laumilakoaren iparraldeko ertza lehen aldiz igo zuen. Denera, 4.000 metroko desnibela gainditu zuten ertz hori eskalatu eta gailur nagusia zapaldu ahal izateko. Eta hori diogu, alpinistak itsas mailatik 47 metrora irten zirelako. Zailtasun teknikoei dagokienez, headwall-ean WI5 eta M5 mailako tarteekin gogor borrokatu behar izan zuten.

Hori guztia esan eta gero, protagonistetako batek, Eliasek, GARAri baieztatu nahi izan dio Cerro San Valentinekoa jarduera alpinista oso ona izan dela: «Batez ere, logistika zorrotza eta arrisku objektibo asko dituelako. Hots, erronka oso zaila bihurtu zen».

Errioxarrak eman digun lehen lerroburua izan da, baina galdetu diogu zergatik ibili diren Patagoniako ohiko zirkuituetatik kanpo: «El Chalten, adibidez, modan dago. Lehen aldiz bisitatu nuenean ez zegoen eskalatzeko baldintzarik. Chamonixekin antza hartzen ari da. Ez dut batere gustuko 1.500 euro hegazkin txartel bategatik ordaindu eta ondoren ezer ez eskalatzea. Nik bestelako irizpideak ditut: gustuko dut jende eta leku berriak ezagutzea. Ondoren, herri horretara itzuli nintzen eta ondo pasatu nuen; batez ere etxeak eraikitzen ari ziren kideei laguntzen. Yosemite, El Chalten, Everesteko kanpaleku nagusia… leku horietara ez naiz inoiz joango».

Hori guztia esan eta gero, alpinista honek aipatu digu Cerro Castillon bizi den Pere Vilarasauk gonbidatu zituela bisita bat egitera: «Ni baino lehenago Oriol handik zebilen. Hain zuzen ere, Fitz Royko “Supercanaleta” bidea eskalatu berri duten Lucia Guichotekin eta Nieves Gilekin. Hain zuzen ere, Cerro San Valentinek duen glaziarraren baldintzak aztertzera abiatu ziren. Horren berri eman zidan, eta ondoren, hegazkinaren txartela aldatu eta nire kide Nicolasekin bidaiatu nuen. Alpinista ona da, baina onartu behar dut nortasun handia izan duen irteera honetara joateko ia engainatu nuela. Alderdi bitxietara joatea gustuko dut, eta Cerro San Valentinen egin duguna handia izan da. Argi dut eskalatu dugun mendi eta pareta horri ingurumari hartako alpinistek askoz ere garrantzi gehiago ematen diotela hemengoek baino. Europan ez dago 3.000 metroko desnibela duen horma bat bezalakorik. Estatubatuar talde bat saiatu zen, baina ez zuen helburua lortu».

HEADWALL ERAKARGARRIA

Arestian aipatu dugu urrutiko lekuetan dauden mendiek esplorazioari ateak zabaltzen dizkiotela. Eta hain zuzen ere, hirukote horrek ukitu gabeko eremu batean eskalatu du. Horrek guztiak espedizioaren planteamendua, estiloa eta estrategian eragin zuzena izan du. Eta gai horren inguruan Eliasek dio beste ikuspuntu bat indarrean jarri behar dela: «Oso mantso zoaz; nolabait esateko, beldur zara aurrean aurkituko duzunagatik. Eskalatzen duzunarekin ere harrituta geratzen zara. Hurbilketa bidea luzea da, deserosoa, glaziarrean dauden artesiekin arreta handiz ibili behar zara… Esplorazioak dituen eiteak baino ez dira».

Laumilako horretara hurbiltzeko, lehen urratsak oihan batean egin zituzten hiru alpinistek. Zortzi orduko ibilbide deserosoa izan zen, besteak beste, biderik ez zegoelako. Bigarren egunean, berriz, beste zortzi ordu glaziarra zeharkatu eta bidearen oinarrira heltzeko. Eta puntu horretatik, 3.000 metroko eskaladari ekin zioten: «Lehen zatian, errimaia zeharkatu eta mistoko luze teknikoak igo genituen. 1.000 metroko desnibela zuen tarteak xede genuen ertz horretara eraman gintuen. Luze teknikoak izateaz gain, arrisku objektibo asko zeuden. Mila metroko garaieran geunden eta elurra nahiko ezegonkorra zegoen, eta goizeko zortzietatik aurrera bero egiten zuen. Azken alderdi horrek ordutegia ondo kudeatzea eskatu zigun».

Igo gabe zegoen iparraldeko ertza zain zuten. Eta leku zehatz horretan egoera askoz ere seguruagoa aurkitu zuten. Lehen bibaka 2.800 metroko kotan iritsi zen. Prest ziren oso tresneria arinarekin gailurrera igo eta berriro bibak horretara jaisteko: «1.200 metroko eskalada izan zen. Eta onartzen dut zorte handia izan dugula. Mistoko sekzio zorrotzak, 60º-75º-eko elurrezko aldatsak… Eta ondoren, izotzezko tarte izugarri batean sartu ginen. Inoiz eskalatu dudan zirraragarriena! Izotz-jauzi hori baldintza onetan zegoen, eta goizeko zazpietan igo genuen. Beste luze samurrago batzuk eta Cerro San Valentinek duen iparraldeko gailurrera iritsi ginen. Eta denbora genuenez, tontor nagusia zapaltzeko aukera ere izan genuen. Ordu eta erdira zegoen».

Headwall-a, 600 metroko sekzio hori, oso bertikala izan zen, eta zailtasun tekniko handienak han bertan aurkitu zituzten. Eliasek aurreratu du baldintza onak izan zituztela. Eguraldia ere bikaina. Alabaina, errioxarrak onartu du arrakasta horren giltza ordutegia ondo kudeatzea izan dela. Eta horretarako, oso goiz jartzen zirela martxan.

Jaitsierak, berriz, bestelako aurpegia erakutsi zien. Bero egiten zuenez, headwall-a oso azkar egin behar izan zuten rappel. Babeslekua bihurtu zen ertza, eta rappelak lasaiago eta segurtasunez egin zituzten. Baina arratsaldeko hirurak zirela, ezusteko desatsegina izan zuten: «Oriolek 150 metroko erorikoa izan zuen. 60º-ko pendiza batetik amildu zen. Zorionez, errimaiara heldu baino lehen geratu zen. Gutxigatik bada ere, ez zuen irentsi. Istripu horren ondoren, bibaka egin genuen, eta, biharamunean, goiz altxatu eta glaziarrera jaitsi ginen. Oriol oraindik adrenalinaren eta sendagaien eraginpean zegoen. Baina bi ordu oinez egin eta ezin izan zuen beste urrats bat egin. Zorionez, helikopteroaren gidariekin harremana dugu. Eta haizerik ez zegoenez, Oriol ebakuatu zuten».

Amaitzeko, Eliasek berretsi nahi izan du ibilbidearen aukeraketa eta ordutegiaren kudeaketa izan direla helburu horren giltza nagusiak: «Ez dugu zailtasunean muturreko eskalada bat egin. Baina bete-beteko jarduera izan da logistika oso zorrotz batekin. Hain zuzen ere, esplorazioak dituen eite horiek dira gehien betetzen nautenak».