GARA Euskal Herriko egunkaria

Sortzeak


Naturaren zikloak sortzeekin eta heriotzekin osatuta daude, continuum batean.

Bide beretik, jende humanoek mintzoa sortu zutenetik, ziklo horiek barneraturik, ipuinak kontatzen zituzten. Naturaren fenomenoen azalpenak, urtaroen bilakaera (urtaroak dauden lekuetan, jakina), bizitza beraren sortzea eta beste hainbat gertaeren azalpenak eman beharra istorioen sortze berean daude.

Negu gorrian naturaren geldotzetik eta iluntasunetik, eguzkiaren argiak eta berotasunak biziberritzea dakarte. Horren aurrean gizakiak egindako galderei erantzun beharrak iruditeria fantastikoa ekarriko du, eta, horrekin batera, munduari begiratzeko berezko modu bat kultura bakoitzean; hortik, imajinario anitzak munduko txoko desberdinetan.

Egunotako ospakizunak ez dira imajinario horietatik aldentzen. Sinesmen kristauak horretaz jabetu eta bere aldera ezarri zuen, Jainkoaren semearen jaiotza argitasun berri baten iragarle gisa asmatuz.

Euskaldunon Eguberria, Egun Berria, Olentzeroren etorrerak iragartzen zuen urtero errepikatu ohi den zikloa.

Mundua ulertzeko fantastikotasuna behar du jende humanoak, behar du itxaropena izan errealitateari aurre egiteko. Neguaren hilotzaren aurrean, egun berriaren sortzean sinistu beharra dauka. Eta orduan, Olentzero heltzean, haurraren irribarreak mundua argitzen du.