Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Bekatua

Abendua hilak hasiera ematen dio gauza anitzi: gabonetako garaia, negua-edo (ipar hemisferioan)... Abenduaren lehena da Hiesaren Nazioarteko Eguna ere. Hori dela eta, hainbat ekimen jaio ziren, eta horien artean, NAMES proiektua. Mosaikoetako edredoi erraldoia da, hiesaren ondorioz hil ziren pertsonen bizitza omentzeko sortua. «Oroitzapenezko zerbitzurik edo hilobirik ez zegoenez, edredoia izan zen bizitza gogoratu eta ospatzeko izan zuten aukera bakarra», dio Cleve Jones sortzaileak. Egun, 54 tona pisatzen du eta Bakearen Nobel saridun izendatu zuten 1989an.

“It’s a sin” (“Bekatua da”, euskaraz) telesaila ere gogoratu zait. Hiesak kolpaturiko 1980ko hamarkadako Londres deskribatzen du saioak. Richie eta Colin familia oso kontserbadoreetatik datoz. Roscoeren istorioa ere bada, familiatik ihes egin duena Nigeriara bidali aurretik, «bere bekatua garbitzeko». Berehala, serieak arrakasta handia izan zuen eta GIBaren probak asko handitu ziren Erresuma Batuan, 2.800etik 8.200era egun berean, Osasun Ministerioaren arabera. «Abendu» hitza latinezko adventum-etik dator, «etorrera»; izan ere, asko itzuliko dira jaioterrira, Roscoe bezala. Hilaren bukaera ere bada aukera ez sentiarazteko bekatari.