GARA Euskal Herriko egunkaria

Plan estrategikoa


Denbora arin doala, edo, gu moteltzen garen moduan, esprintak egiteko gaitasun aparta erakusten duela, edo sekula ez duela gure komenientziara jokatzen, edo... Gauza da, berriro gaudela solstizioen meneko ataka horietako batean. Baina, artista arduratsuek legez, urteko errepasoa egin eta hurrengo urtekoak aurreikusten hasi naiz.

Aspaldi, edukazio handiko barne disidentziaren baimenarekin, onartutako plan estrategikoa zintzoki bete dut. Edo, hobe esateko, plan estrategikoaren aplikazio praktikoaren gaineko hausnarketa egin dut, eta jasotako mandatua ahalik eta zintzoen betez, azterketa autokritikoa egin eta aurrera begirakoak plan sektorialean jaso ditut. Horregatik, hona hondorioak.

Hurrengo urteetara begira (plan estrategikoaren hurrengo aldi ebaluatzailea heldu arte), egiteke ditut: disko bat Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Ze cool ezta?

Gainera, noizko, besteen kantuen bertsioekin osatutako bilduma bikoitza? (Bata artista euskaldunen kantuekin, bestea munduko 7.000 hizkuntzetako batean ari direnenekin).

Oraindik grabatu ez dudan zuzeneko diskoa grabatu beharko nuke inoiz. Eta, aiba, oraintxe ohartu naiz, lagun eta ezagunek zor dizkidaten mesedeak kobratu eta dueto disko bat ere burutu beharko nuke.

Hau lasaitua, oraindik badut zer eginik musikaren munduan.