GARA Euskal Herriko egunkaria

Gizakien salerosketaren aurkako proiektua abian da Irun eta Hendaiako mugan

Save the Children elkarteak «giza salerosketaren biktimen identifikazio goiztiarra eta babesa muga inguruetan» bermatzeko proiektu bat abiatu du beste sei erakunderekin batera. Estatu espainolean eta frantsesean eta Italian hasiko dute proiektua. Euskal Herrian Irun eta Hendaiako mugan martxan jarriko da.

Irun eta Hendaia arteko mugan ere martxan jarriko dute proiektua. (Patxi BELTZAIZ)

“Giza salerosketaren biktimen identifikazio goiztiarra eta babesa muga inguruetan” izeneko proiektua abiarazi du zazpi erakundez osatutako partzuergoak, Save the Children elkartearen gidaritzapean. Irun eta Hendaia arteko muga izango da eragina jasoko duenetariko bat. Estatu espainoleko, Estatu franseseko eta Italiako mugetan jarriko da martxan.

Mundu zabalean oso antzeko ezaugarriak ditu pertsonen salerosketak, Save the Childrenek nabarmendutakoaren arabera: Europako Batasunean bizi baldintza hobeak izango dituztela promes eginda, migranteak jatorrizko herrialdeetan errekrutatzen dituzte, eta askotariko salerosketa moduen biktima bihurtzen dira, bai igarobideko herrialdeetan, bai helmugakoetan.

Proiektuaren bidez, babesleku seguru batean sarbidea eman nahi zaie giza salerosketatik bizirik atera diren pertsonei; giza salerosketako sareen kontrol eta indarkeriatik aske izan daitezen eta babes programei buruzko informazioa ukan dezaten, tokian tokiko zerbitzuetara bideratzeaz gain.

Charo Arranz EAEko Save the Childreneko zuzendariaren ustez, lurralde bakoitzean pertsona bakoitzaren arrisku egoera baloratu behar da, eta babes neurri eraginkorrak hartu: «Adin txikiko haurrak Espainiara iristen dira, gurasoak direla dioten helduekin; eta egiten diren ahaleginak ez dira nahikoa ahaidetasun hori egiaztatu ahal izateko. Egoera oso larria da muga inguruetan, Irunen, esaterako. Estatu espainoleko lurretara egoera irregularrean haur bat iristen den bakoitzean, arrisku egoera baloratu behar da, ikerketa egokia egin behar da, eta babes neurri eraginkorrak hartu behar dira».

Arranzen arabera, «estrategia nazional eta transnazional eraginkor eta jasangarriak» garatuko dira, biktima izan daitezkeen haurrak eta emakumeak identifikatzeko eta babesteko. Horregatik, giza esplotaziorako eta salerosketarako arrisku handia duten mugako inguruetara bideratuta dago: «Sexu xedeetarako giza salerosketen esparruan, eta mundu guztian gertatzen den ildotik, emakumeak eta neskak dira biktima gehienak; iaz biktima guztien %93 emakumeak izan ziren Estatu espainolean».

EUROPARA IRISTEKO GELTOKIAK

Elkarteak azaldu duenez, lehen helmuga Italia izan ohi da, baina migratzaile gehienek igarobideko herri gisa jotzen dute hara. Paris aldera joateko Irun eta Hendaia arteko muga erabiltzen dute. Azaldu dute migratzaileek Irun hiritik zeharkatu ohi dutela muga: «Migratzaileen trafikoak eta salerosketak gora egin du Irun eta Hendaiako mugan ere. Bereziki Nigeriako, Boli Kostako eta Gineako migratzaileekin lotuta dago. Europara Estatu espainoleko hegoaldeko mugatik sartzen direnekin, hain zuzen. Save the Childrenek hainbat froga bildu ditu nerabeak eta horien familiak salerosketaren biktima izan daitezkeela erakusteko».

Estatu frantseseko zenbait hiri helmugako herrialdea edo igarobidea izan daitezke, giza salerosketaren xede diren migratzaile askorentzat. GRETAren 2022ko txostenean nabarmendu dute giza salerosketen biktima gehienek (egoera irregularrean ia denak) ez dutela giza salerosketako ekintzarik salatzen agintari eskudunen aurrean, «batik bat trafikatzaileen errepresalien beldur edo Frantziatik kanporatuko dituzten beldur direlako», jasota dago txostenean.