EDITORIALA

Iruñeko Udalean, aldaketa pozgarria eta indartsua

EH Bilduk eta PSNk adostutako eta Geroa Baik eta C-Zk babestutako zentsura mozioa Iruñeko Udaleko osoko bilkurara iritsi zen atzo, ospakizun giroan. Akordioari esker, Joseba Asiron berriro Euskal Herriko hiriburuko alkatea izango da. Cristina Ibarrolak agur esan zion karguari, mozioaren alde egin zuten zinegotziei botatako irain artean, kargutik kentzeko akordioaren berri izan zenetik agertu duen jarreraren ildoan. Giroa sumindu nahian, garbitzaileak ere mindu zituen, klasismo tamalgarria erakutsiz eta alde zituen asko ere gogaituz. Bere agintaldi laburraren ezaugarri nagusiak harropuzkeria, sektakeria eta paralisia izan dira. UPNren aje guztiak paroxismora eraman ditu Ibarrolak.

Joseba Asironek beste agintaldi bat hasi du Iruñeko alkatetzan. Eman dituen elkarrizketetan esan du ez duela ikusten aurrekoaren bigarren partetzat, baizik eta aro berri gisa. Karakterizazio hori oso egokia da. Lehen agintaldi hark balio politiko handia izan zuen, ezinezkoa omen zena egingarria eta gehiengoarentzat positiboa zela erakutsi baitzuen. Oraingoan, metatutako esperientziarekin, hiri eredu propioa garatzeko konpromisoa hartuta, EH Bilduk gidatutako udal gobernuak anbizio handiagoa erakusten du. Argi luzeak jarri dituzte agintaldiari ekiteko. Ezinbestean, premia larrienei ere erantzun beharko zaie, adibidez hiriak dituen desberdinkeria arazoei eta egituraketa gabeziei. Euskal hiriek dituzten arazo orokorrei erantzutea eta herritarrak politika publikoen erdigunean jartzea erronka handia da. Ziur asko, iragan diren bost urte hauetan eskuinak egin duen kaltea konpontzetik hasi behar da. Horretarako sasoia eta babesa badutela erakutsi zuten atzo, bai ordezkari politikoek, bai herritarrek.

Mozioari esker, gutxiengoaren alkateak gehiengoaren gobernuari bide eman dio Iruñean. Sinbolismo handiko urratsa da, zalantzarik gabe. Areago, herritarren mesedetan aritzen den politikagintzarako balio handia duen agintaldia ere bada hau. Ahalmenen ikuspuntutik dituen mugak gutxietsi gabe, borroka demokratikoaren bidetik, munizipalismoa indar eraldatzaile garrantzitsua da Euskal Herrian. Betidanik izan da, besteak beste, indar militante itzela aktibatzen duelako.