GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Harira!


Geroa ez da gaur iraganean uste genuena. Halaxe arrazoitu dute batzuek hainbat herrialdetan ezker politikoak bizi duen egoera makala, aurrera egin ez edo ez behintzat atzera beste arin. Hortaz, pentsaera aldatzea da mundua aldatzeko lehen urratsa, leihoak parez pare zabalduta. Harira, Murgoitio, demonio! Urte zaharraren azken egunean sikiera, harira! Banoa. Geroa ez da gaur uste genuen hura, eta horrek eskumarako ere balio du. Galdua dute bulego nagusia, eta balkoia, baina tira!, pasilloko hotza behintzat aurkitu! Gaitz erdi! Eta galdu ez dutena eraman egin dute, kolkoa bete paper, boligrafo, arkatz… Artxiborik gabeko ordenagailu hutsak mahaiaren hotzean utzita, hori bai! Horixe abiapuntua lagun berrientzat!

Tira, egiari zor, eskailerak garbitzeko baldea eta baldekoa ere utzi dituzte bulegoan, tzarkeriaz, bazterreko armairu baten gainean hain justu, etiketa kendu gabe eta emakumezko erabiltzailearen gida ondoan zegoela. Ulertzekoa da, eskuma inoiz ez da izan eskuz lan egitekoa, eta beti izan da igogailuz jaistekoa, eskailerak besteontzat utzita. Baina hauxe kolpea! Gaurko geroak besteon esku utzi du eskumakila! Aginte izatetik oposizio izatera, di-da batean. Politika zirkularra, edo bestelako ate birakariak! Halaxe da politika zer hori! Noria bezala, orain igo eta hara!, goian geratu, mugiezin, sorosleen zain. Orduan gogoratu zein garrantzitsuak diren… eskailerak! Kableak baino!

Motozerra izan da azken boladako hitza hego hemisferioren batean. Eta nik horixe gogoan, Itoizko hormatzarreko kableak moztu zituen motozerra hura. Izan ere, kableak nahasten hasten direnean hobeto moztu… eta bide askea eman, eskuz, eta garbiketa lanak partekatuz. Harira, Murgoitio, demontre! Banoa, ostia! Egunero hasten den geroan harira, matazako kableak askatu arte!