A.A.
IRUÑEA

Gazako genozidioa eteteko, Israelen aurkako neurriak exijitu dituzte

Herri palestinarrari elkartasuna adierazi eta Gazan Israel burutzen ari den genozidioa salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo Iruñean eta Bilbon. Iruñeko manifestazio jendetsuan, milaka eta milaka lagunek instituzioen erantzukizuna nabarmendu eta behingoz Israelen aurkako zigorrak ezar daitezela exijitu zuten.

Yala plataformako ordezkarien arabera, 10.000 pertsona batu ziren Iruñeko manifestazioan.
Yala plataformako ordezkarien arabera, 10.000 pertsona batu ziren Iruñeko manifestazioan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Milaka pertsonek bat egin zuten atzo Iruñean, Yala plataformak deiturik, herri palestinarrari elkartasuna erakutsi eta Israel aurrera eramaten ari den genozidioaren aurkako neurriak har daitezen exijitzeko egin zen manifestazioan. Hamar mila lagun inguru bildu ziren, antolatzaileen arabera, eta zortzi mila Gobernu espainolaren ordezkaritzaren arabera.

Yala plataformako ordezkari Lidon Sorianok martxa abiatu baino minutu gutxi lehenago adierazi zuenez, bereziki instituzioei zuzenduta doa euren mezua, hauek baitute Israel nazioarteko zuzenbidea betetzera «derrigortzeko» giltza. «Genozidioak aurrera darrai. Israelek sistematikoki giza eskubideak urratzen jarraitzen du», salatu zuen Sorianok, eta Nafarroako Gobernuak, Estatu espainolekoak eta Europar Batasunak afera honetan duten erantzukizunari erreferentzia egin zion. Era berean, «su-etena eta nazioarteko laguntzaren sarrera baimentzeko» beharrean ere azpimarra egin zuen.

Iruñeko Tramontana eskulturaren ondotik abiatu zen manifestazioa. Hiriko kale nagusiak zeharkatu zituen, Antoniutti parkean amaitzeko. Herritarren parte hartzea txalotzeaz batera, herri mugimenduen aldetik izan zuen harrera ere eskertu nahi izan zuen Sorianok. «Denbora gutxian mila pertsonaren eta 150 kolektiboren atxikimenduak jaso ditugu», azaldu zuen.

Ibilbidean zehar, Palestinaren bandera ugari ikusi ahal izan ziren, eta manifestariek zapi zuriak astindu zituzten airean, su-etenaren aldarri modura. Herri palestinarraren aldeko oihuak eta Israelen kontrakoak ere etengabeak izan ziren, baita instituzioei zuzenduak ere, afera honetan behingoz eskua sar dezatela eskatzeko. «Ez da gerra, genozidioa da», «Palestina askatu», «Estatu sionista, estatu terrorista» eta «Israeli boikota» leloak izan ziren errepikatuenak. «Israel, zenbatu al duzu zenbat haur hil dituzun?», itauna ere entzun zen.

Manifestazioaren buruan joaldunek bidea ireki zieten, euskal eta arabiar tradiziozko jantziak soinean, Palestinako bandera zeramaten gazteei. Hauen ondotik, «Paremos el genocidio en Palestina. Yala Goazen Vamos» esaldiez pankarta eraman zuten plataformako ordezkariek. Atzean alderdi politiko, sindikatu eta elkarteetako ordezkariak joan ziren, tartean Geroa Baiko Ana Ollo kontseilaria, EH Bilduko Miren Zabaleta, IUNko Carlos Guzman, Podemosko Ione Belarra eta Idoia Villanueva, eta CCOO eta LABeko ordezkariak, Chechu Rodriguez eta Imanol Karrera, hurrenez hurren. Suhiltzaile eta osasun alorreko langileak ere baziren, beren uniformeekin.

Martxa Antoniutti parkera iritsi zenean, “dabka” dantza egin eta hitza hartu zuten plataformako ordezkariek. Oholtzatik, Palestinan jazotzen ari dena «1897an sionismoak antolatu zuen garbiketa etnikoko prozesuaren fase berri bat baino ez» dela salatu zuten, Sorianorekin batera, Hodei Arangurenek eta Maitane Melero atletak.

Gogora ekarri zuten jazarpena hasi zenetik igaro diren hiru hilabeteetan hil diren 21.672 palestinarren %70 emakumeak eta haurrak direla, «eta hori ez da kasualitatea», salatu zuten, «palestinarrik gabeko etorkizun bat» eraikitzeko gakoa baizik. «Munduari frogak ezkutatzeko asmoz» kazetariek jasan dituzten erasoak ere salatu zituzten. «Zenbaki hauek guztiak motz geratzen dira gurasorik gabe, bakarrik, janaririk, edatekorik eta hotzetik babesteko arroparik gabe geratu diren milaka haurrak bizitzen ari diren izugarrikeria adierazteko», ziurtatu zuten. Israel «herri palestinarraren aurka burutzen ari den sarraskia» salatzeaz batera, «AEB eta EB genozidio honen ezinbesteko konplizeak» direla ere deitoratu zuten.

Palestinarrei ere zuzendu zitzaien: «Ez daude bakarrik, Nafarroako herria haiekin dago, herri anaia bat bezala borrokan jarraituko dugu. Elkarrekin sionismo kriminala garaituko dugu, Israelgo Estatua garaituko dugu eta bere apartheid politikekin bukatuko dugu».

Amaitzeko, Israeli armak kendu eta harreman diplomatikoak eteteko eskaera egin zioten Gobernu espainolari, bai eta Estatu Palestinarra onar dezala ere.

BILBON ERE, SARRASKIAREN KONTRA

Iruñea ez zen izan atzo Palestinarekiko elkartasuna erakutsi zuen euskal hiriburu bakarra. Bilbon ere ehunka izan ziren herri palestinarra jasaten ari den sarraskiaren aurka mobilizatu eta euskal gizartearen elkartasuna adieraztera kalera atera diren pertsonak.

Palestinarekin Elkartasuna elkarteak deituta, Arriaga plazan mobilizatu ziren. Israelen jokamoldearen zein Europa afera honetan izaten ari den jarreraren aurkako oihuak entzun ziren, bai eta zenbait enpresak eta euskal erakundek erakusten diharduten «konplizitatearen» kontrakoak ere.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Palestinarekin Elkartasuna elkarteko kide Peio Almagrok «herri palestinarraren aurka gauzatzen ari den sarraski eta genozidio sionista» salatzea «ezinbestekoa» dela ohartarazi zuen. «Herri palestinarrari eta bere erresistentziari baldintzarik gabeko elkartasuna» helarazi nahi izan zien Almagrok, eta euskal gizarteari ere deia egin zion, «zorigaitz honen aurrean elkartasuna adierazi eta mobiliza dadin».

Azkenik, herri mugimenduek erakutsi duten elkartasuna eskertzeaz batera, «zenbait enpresaren, instituzioen eta alderdi politikoen aldetik izan diren diskurtso distantziakideak» salatu zituen.