Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Urdinen gehiegizko hutsegiteek Altuna eta Martijaren garaipena erraztu dute

Aurreneko erdian oso neurketa estua jokatu zuten Peñak eta Albisuk, baina 10-9 jarri zirenetik aurrera ez zuten tanto bakar bat gehiago egiten asmatu eta errazegi kale egin zuten. Urdinen pilota motel bati sekulako etekina atera zion bikote gorriak.

Urdinek lagunduta izan bazen ere, Altunaren joko bikainak gidatu zituen gorriak garaipenera.
Urdinek lagunduta izan bazen ere, Altunaren joko bikainak gidatu zituen gorriak garaipenera. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Oro har, ez da partida ona izan. Jokin [Altuna] bikain dago, lesioa atzean utzita eta ni ere saiatu naiz berari laguntzen, baina bigarren erdian akats batzuk egin dituzte Peñak eta Albisuk eta hor joan da partida. Beraiek atera duten pilota motelarekin askoz gusturago sentitu naiz eta aurrean Jokinek amaitzen zuen, eta gainera akatsak egin dituzte Jon Ander biek eta hor joan zaizkie aukerak», onartu zuen Julen Martijak Urteberri egunean Astelena pilotalekuan uste baino askoz errazago Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuri nagusitu ostean.

«Ez genuen espero pilota hainbeste geratuko zenik, baina gauzak horrela izan dira eta horri etekina atera diogu. Hirugarren garaipenaz aparte, aurkariak bederatzi tantotan lagatzea ongi etorriko zaigu bigarren itzulira begira. Halakoak aprobetxatzen jakin behar da», gaineratu zuen Jokin Altunak, beren aurkariek neurketaren bigarren erdian goitik behera egin eta hondoa nola jo zuten ikusi ondoren.

Izan ere, Jon Ander Peñaren erremate bikain batek 10-9koa ezarri bazuen, handik 22ra zuzenean joan ziren Altuna eta Martija. Tamalez, nahiz eta tarteka Amezketako aurrelariak tanto eder askoak ere egin zituen; tamalez, esan bezala, ez zuten askorik egin beharrik izan 22rainoko bidea osatzeko. Albisuri bereziki partida erabat petraldu zitzaion eta Peñak, berriz, atzelariari lagundu nahian, presaka egin zituen azken erremateak eta kanpora ez bazen behera joan zitzaizkion. Hala, orotara 11 pilota galdu zituen bikote urdinak, eta hasierako itxura ona erabat narrastu zuten erditik aurrerako tartean.

ALTUNA, ARRISKUTSU

Kontua da hasiera batean Altuna bertan zelako dirua harrika egon bazen ere bikote gorriaren alde, aurreneko tantoetan ekimena Peñak eta Albisuk eraman zutela. Hala ere, ez zuen asko behar izan Amezketako aurrelariak jokoan sartu eta partidaren erritmoa bere interesen alde jartzeko. Begien itxi-ireki batek irauten duen denboran, 2-4tik 7-4ra igaro zen markagailua. Batez ere gorrien pilotarekin, Albisuk lanak izan zituen Altunari erremateko aukera kentzen eta honek hain ohiko duen erremate sorta erakusteari ekin zion.

Peñak eta Albisuk, nolanahi ere, ez zioten lan egiteari utzi eta ez zuten askorik behar izan ere 7na berdintzeko, Peñak sakez eta ezker airez txokoan lorturiko bi tantoren ostean. Zazpinakoa lortu ostean aldageletara joan behar izan zuen Tolosako aurrelariak, tarte laburrez izan bazen ere -antza denez, gastroenteritisarekin gau txarra pasatuta iritsi zen Astelenara-. Bikote gipuzkoarra bere pilotarekin Altuna jokoz kanpo lagatzea lortzen ari zen, Martija baino jotzaileago izanda biak. Alabaina, Altunak sekulako arriskua sortu zuen bere keinu eta pilotakada bakoitzarekin.

Itxuraz, materialaz harago, estrategikoki elkarren aurka nola jokatu ongi ikasita iritsi ziren bikote biak. Aldea, partida aurreneko etenaldi luzerako markagailua 12-9 zela, Albisuri hanka egindako bizpahiru pilotakadak ezarri zutelarik, baita 12-9koa erabakitzeko Jon Ander Peñari kontrakantxara joandako erremate batek ere. Gorriek hautaturiko pilotak, azkenean, itxura batean gehiago erasan zien urdinei, hauenak gorriei baino. Jokoa aurrerago ekartzea lortu zuten Altunak eta Martijak eta urdinek larrutik ordaindu zuten.

Tamalez, urdinak ez ziren kapaz izan partidan berriro sartzeko. Zorteak ere bizkar eman zien gainera, Martijak izan baitzituen pare bat pilotakada goiko txapa jotzeko zorian ibili zena, baina atzelari nafarrak baleko pilotakadak ematea lortu zuen eta handik gutxira iristen zen urdinetakoren baten akatsa, Albisurena bereziki. Ataundarrak fisikoki maila bikaina eman bazuen ere, eta tripetako arazoak arazo Peña II.a ere ongi mugitu bazen ere, biek kontzentrazioa erabat galdu eta partida handik amildu zitzaien.