Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Urtarrileko aldapa

Itzali dira Gabonetako argiak Euskal Herri zatitu honen ipar aldean. Amaitu dira, hein batean, jan-edanen orgia eta menu telebisatuak, kapitalismoz beztitutako publizitateak, erosketak, adornu eta zaratak. Gabonen magia eta poza dastatu dugu, maite ditugunen ondoan egon gara, zoriontasunean eta bakean -gidoiak hala eskatuta-, zoritxarra, gerra eta desgrazia alde guztietan bada ere. Agurtu dugu urte zaharra, berri bati ongietorria emateko, itxuraz behintzat; eta ospatu dugu hori ere, brindisak, kotilioiak, konfetiak, musuak eta kanpaikadak. Txin-txin, txin-txin, kapitalaren hotsa. Batzen gaituzten Gabonak, EITBren arabera. Ospatu beharra dago, urbi et orbi, ohikoaren ohikeriaz merkantilizatutako mezuekin, amets prefabrikatuekin, maitasun debaluatuekin, ilusio faltsuekin. Merkatu global honetan Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak webgunean ditugu opariak eskatu ahal izateko. “Ez utzi azken egunerako!” diotela. Garai batean solstizio aldaketa pagano bat zena zelofanez jantzi digu merkatuak. Dena da kontsumoaren erreklamo Homo consumericus modernoarentzat. Mendebaldeko errealismo moral chic bat gailendu dadin, zeinak zoriontsu izateko baimena edo are betebeharra ematen digun, zatarra baita halako egunetan kontzeptu fetitxizatuen kontra aritzea, artaldekeriari iskin egin eta mundu honen aurpegia zikina dela erakustea. Erosi, erabili eta bota. Horra egungo turbokapitalaren ebanjelioa. Merkataritza-guneak hiperkontsumoaren tenplu bihurtu eta fededunak elizara nola, hala joaten gara debozioz beteak, gure bizi- ahalmenetik kanpo dauden produktuak erostera. Jesusen jaiotzak merezi du sakrifizioa. Gurdiari lotuta doan txakur txikia legez goaz mugarik gabeko hedonismo emozionalaren atzetik, erosteak ematen duen plazera helburu dugula. Ditugun hutsuneak betetzeko asmoz edo. Hemen da, ordea, trakatan, trakatan, urtarrileko aldapa bere errealitate gordinarekin. Ez panikatu. Hor dugu Santander bankuko aholkularitza zerbitzua. Urtarrileko aldapa nola kudeatu behar den esango digu. Ez esan zoragarria ez denik.