GARA Euskal Herriko egunkaria

Atezainaren dilema


Segundo gutxian, galdera pila bat eta erantzuna katramilatzen. Gola saihestu eta zure taldea hamar jokalarirekin utzi edo gola jaso eta markagailua iraultzen saiatu hamaika gizonekin. Dilema horren zurrunbiloa etorri zitzaion -edo hala imajinatu nahi dut- atzo Remiro atezainari, baloiaren botea gaizki kalkulatu eta Abde Rebbach atera bidean bakarrik joan zitekeela ikusita. Anoetako derbia ikusi zenutenok jakingo duzue Cascanteko jokalariaren hautua, baina demagun segundo gutxiren buruan zure gain dagoela erabakia, partida bat baldintzatu dezakeena; are gehiago, aukera batek hurrengoan ere eragina izan dezakeela.

Oso ariketa zaila da, antsietatea eragin dezakeena, egiten duzuna egiten duzula, akatsa dagoeneko eginda baitago -botea gaizki kalkulatzea-. Foku guztien gatibu zara. Real Madrilen aurka gizon bat gehiagorekin jokatu zuen Alavesek ordu erdi pasa eta, baliteke orduko nagusitasuna oso gaizki kudeatu zuten ideia gainontzeko aukerei gailendu izana.

Remirok nahiago izan zuen bere taldea hamar jokalarirekin utzi eta markagailua hutsean mantendu. Ia ordubetez bere taldekideak fisikoki are gehiago estutzera eraman zituen, bai eta Marrero ligan debutatzera ere. Nago azken emaitzak sekulako eragina daukala sofan entrenatzaile trajea janzten dugunon arteko balorazioetan. Azken txanpan egongo ziren hautua gogor kritikatu zutenak -Alavesek penaltiz egin zuen 0-1ekoa, atera jaurti zuen aukera bakarrean-, bai eta Zubimendiren golarekin haserre guztiak atzean utzi zituztenak ere. Erdilari donostiarraren golak bere atezainak hobetsi zuen balizko berdinketa ezarri baitzuen markagailuan. Tematu gaitezke bi taldeak hamaika jokalarirekin neurtuz gero zer gertatuko ote zitekeen pentsatzen, orainaldian baino lehenaldian indarra eginez, baina gidoi berria onartu eta horretara moldatzen jakitea ere bada futbolaren xarma. Realak asmatu zuen eta Alavesek, bigarrenez jarraian, azken unean gola jaso zuen, gizon bat gehiagorekin zegoela. Babazorroek badaukate zer aztertu.