GARA

Fullaondo: «Olatu erreakzionario global baten aurrean gaude»

Euskal Herrian migrazioek mahaigaineratutako erronken inguruan hausnartu zuen Arkaitz Fullaondo soziologo eta EHUko irakasleak, NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean. Migrazio legeak «zorrotzagoak eta gogorragoak» direla nabarmendu zuen.

Bidasoan hildako migrantearen kasua salatzeko elkarreraratzea, Irunen.
Bidasoan hildako migrantearen kasua salatzeko elkarreraratzea, Irunen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kostata uler liteke Euskal Herriaren historia migrazioa kontuan hartu gabe. Beste herrialdeetara joandakoak gara euskaldunak. Beste asko, kanpotik etorritako euskaldunak, edo haien ondorengoak.

Arkaitz Fullaondok NAIZ Irratian azaldu zuenez, migratzeko arrazoiak hauek izan daitezke: Bakoitzak bere jatorriko herrialdean bizi proiektua garatzeko ezintasuna edo izan ditzakeen arazoak. Horren atzean, normalean arazo ekonomikoak daude. Baina badaude beste arazo batzuk: gerrak, errefuxiatuen kontua, esaterako, pertsonen jazarpen politiko eta sozialak, eta migratzaile klimatikoak deritzenak.

Kanpotik etortzen diren migratzaileek, lehenik, lege-oztopoak izan ohi dituzte, bai beraien herrialdetik ateratzeko, bai helmuga-herrialdera iristeko, eta gero hemen, oztopoz betetako bidea da paperak lortzea edo bizileku-baimena lortzea. Migrazio legeak «zorrotzagoak eta gogorragoak» dira. Olatu erreakzionario orokor batean aurrean gaudela uste du Fullaondok. «Olatu horrek ia beti migrazioan jartzen du jopuntu nagusienetariko bat».

«Eskuineko edo ezkerreko gobernuak izan daitezkeenek arauak aldatzen dituzte, pentsatuz lege horiek gogortzen baldin badira olatu erreakzionario hori gelditu egingo dela, eta ez, guztiz kontrakoa gertatzen da. Olatu hori indartu egiten da. Azkenean ultraeskuinari markoa erosten diozulako», adierazi zuen soziologo eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Doktoreak.

Migrazioan egiturazko beste elementu bat dago: «Kontua ez da gobernuek ez dituztela migratzaileak nahi, kontua da beraiek hautatu nahi dituztela zein migratzaile nahi dituzten. Eta hor dago hipokrisia handia». «Migrazioa ona da gure demografiarako»; Fullaondoren esanetan, ikuspegi funtzional hori txarra da.

ERREALITATEA OSO DESBERDINA

Euskal Herria kontuan hartuta, Hegoaldean eta Iparraldean errealitatea oso desberdina da. Iparraldean etorkin asko daude, eta gehienak Frantziatik etorritakoak dira, erretiroarekin erlazionatutako migrazioak. Hego Euskal Herrian, Nafarroan, adibidez, etorkinen portzentajea nabarmen handiagoa da, baina gehienbat Erriberan daude. EAEn, Araban afrikar gehiago daude; Bizkaian, aldiz, latinoamerikarrak, eta Gipuzkoan oreka dago jatorri desberdinak kontuan hartuta. Hego Euskal Herrian jatorri atzerritarreko 356.000 pertsona bizi dira, eta horietatik kopuru handi batek 15 urte daramatzate hemen bizitzen. Aniztasun hori kontuan hartu behar da.

Horrez gain, Euskal Herria estaturik gabeko nazio bat den heinean, horrek zer erronka planteatzen dizkigun ere aipatu zuen Fullaondok.