A. G.
ATLETISMOA

Muguerza Krosaren 80. ekitaldiak probaren maila gorenera eramango du

Muguerza Kroseko atletak, etxean bezala.
Muguerza Kroseko atletak, etxean bezala. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Mintxeta Atletismo Taldeko kide Zigor Diez pozik zen atzo eguerdian Elgoibarko udaletxean Juan Muguerza LXXX. Krosa aurkezteko ekitaldian. «Su baxuan egositako lasterketa bikaina izango da igandekoa», bota zuen Diezek.

Orotara ia 900 lasterkari arituko dira eta gizonezkoen senior kategorian Marokoko Soufiane El Bakkali fitxatu du Mintxeta Atletismo Elkarteak; hau da, 3.000 metroko oztopodunean birritan munduko txapelduna eta Tokio 2021ean urrezko dominaren irabazlea.

Ez zaio aurkaririk faltako. Adibidez, Berihu Aregawi Etiopiako atleta, 2023ko Munduko Kros Txapelketan bigarrena eta Tokio 2021ean 10.000 metrokoan laugarren.

Lasterketa 13.15ean hasiko da. Aurrez, 12.30ean, emakume seniorrak arituko dira, parte-hartzaile zerrendari dagokionez, inbidiarik gabe.

Iazko txapelduna faltako da, Eritreako Rahel Daniel. Baina ez 2022ko garailea: Kenyako Edinah Jebitok. Aurkari Beatrice Chebet herrikidea izango du. Elgoibarren bi aldiz bigarren, 2023an Munduko Kros Txapelketa irabazi zuen, 5.000 metrokoan Munduko Txapelketan brontzea lortzeaz gain.

Bestalde, hil berri den Carmen Valero atletaren alde minutuko isilunea egingo da; 1978an kros hau irabazi zuen.