GARA Euskal Herriko egunkaria

Stop Kaleratzeak: 2023ko urratsei txalo, baina gehiagoren eske

Atzean utzi dugun urtean pausoak eman dira etxebizitza eskubidearen alde; udalerri tentsionatuen izendapena eta ezkutu sozialaren neurriak, horren adibide. Gipuzkoako Stop Kaleratzeak-ek horiek txalotu dituen arren, eskubideak mehatxatuta segitzen duela esan du.

Stop Kaleratzeak, azaroan Donostian. (Jon URBE | FOKU)

2023ko balantzean, Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformak ongi baloratu zuen herrialdeko 20 udalerri koskorrek Lakuari gune tentsionatu izendatzeko eskatzeko mozioa onartu izana eta eskari hori babestu izana, Donostiako kasuan izan ezik. Hiriburuan kanpoan utzi dituzte Amara Berri, Erdialdea, Martutene eta Antigua auzoak, nahiz eta Estatu espainiar osoan prezio altuenak dituen hiria den eta Gipuzkoako jabe handien eta pisu turistikoen erdiak bertan egon.

Bukatu berri den urteari begira egindako gogoetetako bat izan zen hori. Estatuko Etxebizitza Legeari esker, Angel Miguel pentsiodun irundarrak Promontoria Real Estate putre funtsarekin zuen kontratua luzatu ahal izan duela nabarmendu zuen. Urtebeteko luzapena hiru urtera zabalduko da Irun udalerri tentsionatu izendatzen dutenean, plataformak zehaztu zuenez.

Horrekin batera, ezkutu sozialak zaurgarritasun egoeran dauden gipuzkoar askoren kontrako etxegabetze aginduak geldiarazi dituela ere txalotu zuen, alokairua ezin ordaintzeagatik edota kontratua bukatzeagatik iritsi diren aginduak. Ramonaren kasua aipatu zuten, Coral Homes putre funtsak etxerik gabe utzi nahi duen pentsiodun donostiarra.

Maria del Mar eta Maria Carmenek ere ez dute beren etxebizitza galdu. Beren seme-alabei abala eman zieten hipotekarako, eta Kutxabank-ek eta Banco Sabadellek Zima Funances eta LSF1 Boson Investment putre funtsei saldu zieten.

Gertaera positiboekin segituz, Palmira donostiarra eta Pauli hernaniarra, gutxieneko ordainsaria jasotzen dutenak biak, bost urtez «lasai» bizi ahalko dira, BBVAk eta Laboral Kutxak bankuen praktika onen kodea sinatu ondotik.

ALDE NEGATIBOA

Banco Santanderren aurrean elkarretaratzea egin zuten, ez duelako praktika onen kodea bete Jose eta Narciso donostiarren kasuan eta beren etxea enkantean jartzeko eskatu duelako.

«Euriborraren igoera eskandalagarriak eragindako babesgabetasuna» ere salatu zuten. Horren ondorioz, egoera ahulean dauden hipotekadunek ezingo diote epe batean ordaintzeari utzi, nahiz eta horretarako eskubidea izan. Hori da Elenaren kasua, gutxieneko errenta jasotzen du eta Kutxabankek ez dio baimendu aldi batean hipoteka ez ordaintzea. Mercedes, Jose Ramon, Rosa eta Emiliori gauza bera gerta dakieke Kutxabank, Santander eta Sabadell bankuekin.

Horretaz gain, Stop Kaleratzeak plataformak konfiantza du Errenteriako Jauregizar babes ofizialeko etxebizitzetako hogei familiak beren borroka amaituko dutela 2024 honetan, dagoeneko bukatuta dauden beren kontratu babestuak hamar urterako berrituta.

Azkenik, plataformak aldarrikatu zuen ez dela etxegabetze bakar bat gertatu behar beste etxe baten aukerarik eskaini gabe.